Txotxongiloen magiak hartu du Bergara

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 24a, 16:02

Eguenean hasita eta asteburu osoan zehar, helduendako 13. Txotxongilo Mostra egin dute Bergaran. Herriko hainbat agertokitan puntako konpainien ikuskizunez gozatu ahal izan dute herritarrek.

Hamar ikuskizun izan dira egunotan Bergaran, txotxongilo mostraren baitan. Taun Taun konpainiak bi urtean behin antolatzen du ekimen hau, eta oraingoan ere ez dute hutsik egin, eta nazioarteko artistek kalitatezko emanaldiak eskaini dituzte. Antolatzaileak pozik daude mostrak eman duenarekin eta herritarren erantzunarekin.

'Perro perdido'

Emanaldi horien artean, esaterako, berezia izan zen zapatuan San Martin plazan ikusgai izan zen Perro Perdido. Cal y Canto konpainiaren eskutik zetorren ikuskizuna, eta agertoki moduan, plazan txakur txabola handi bat muntatu zuten. Agertoki berezia, duda barik, eta ikuskizuna ere halakoa izan zen.

Ikuskizun horren hiru sesio egin zituzten zapatuan, eguerdi partean eta arratsaldean. Bada, San Martin plazako txabola bete egin zen, eta amaitzean, ikusleak gustura atera ziren.

Perro perdidoz gain, gainontzeko txotxongilo ikuskizunek ere harrera oso ona izan dutela azaldu du Taun Taun teatroko Itsaso Azkaratek. Ikuskizunez gain, baina, txotxongiloekin lotutako bestelako ekintzak ere izan dira. Esate baterako, Aroztegi aretoan Ibai Aizpuruak gidatuta egin zuten stop motion tailerra.

Hala, beste behin ere arrakastaz itxi dute Bergarako Helduendako txotxongilo mostra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak