Osintxun arrastoa laga zuen krimena gogoan

80 urte bete ziren atzo faxistak Osintxun sartu eta bertako bost gizon fusilatu zituztenetik. Gertaera hauek ahanzturan eror ez daitezen, auzokideek hainbat ekintza antolatu dituzte asteon. Horietako azkena domekan fusilatuei eskainitako monolitoan burutuko den omenaldia izango da.

1936ko irailaren 22an Francoren aldeko altxatuak Soraluzen sartu ziren Karakatetik, Perez Salas komandantearen gidaritzapean, eta egun berean Bergara ere hartu zuten, Antzuola aldetik iritsita. Bada, gizon haiek Molak emandako agindua bete zuten hurrengo egun eta asteetan zehar. Ikara sentsazioa sortzea zen agindua, eta osintxuarrek ere pairatu zuten hori.

Hala, urriaren 20an zazpi bizilagun atxilotu zituzten (Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Ricardo Zangitu, Rufino Akizu, Felipe Garmendia, Anbrosio Agirre eta Jose Garaikoetxea), hautes mahaietan egotea, errepublikarrak izatea edota euskal abertzaleen alde bozkatzea leporatu zieten, besteak beste. Anbrosio Agirreren etxean, berriz, sagardo botilak aurkitu zituzten eta "likido errekorra" gordetzeagatik eraman zuten atxilo.

Zazpi lagun horiek gaur egun Euskalduna taberna dagoen inguruan zegoen Falangearen lokalera eraman zituzten (lehenago errepublikazaleen bilgunea izan zena). Han zeudela, Felipe Garmendia aske utzi zuten, orduko Artetxe lantegiko jabeak hala eskatuta; izan ere, lantegi hartako sozioa zen, mantenuaren partea zeukana. 

Hala, gainontzeko seiak Osintxutik Mekolalderako bidean dagoen errekasto baten ondora eraman zituzten, eskuak lotuta. Lehenik Iñarra anaiak erail zituzten, eta segidan, gainontzeko laurei dei egin zieten. Bada, azkenengo momentuan Anbrosio Agirrek bere sokak askatzea lortu zuen, eta antxintxika ihes egin zuen faxisten tiro artean. Gau osoa ezkutuan eman ondoren, hurrengo egunak mendian pasa zituen, eta azkenik Basalgoko Amutxastegi baserrira lagundu zion baserritar batek, eta handik Elgetara iritsi ahal izan zen, miliziano eta gudarien artera.

Zorte hori izan ez zuten bere bost lagunen gorputzak, berriz, Deskargan lurperatu zituzten, eta lau urte beranduago Osintxuko kanposantura eraman zituzten.

Osintxu, errepresioaren adibide

Bost fusilatuen omenezko ekintzak antolatzen diharduen Iñaki Etxanizek dio gertaerok arrastoa utzi zutela auzoan: "Garai hartan Osintxun 150 biztanle inguru-edo izango ziren, asko jota. Horietatik bost gizon fusilatzea, pentsa ze tamainako gertakizuna izan zen".

1936ko altxamendu faxista hark Euskal Herrian izandako "amesgaiztoaren" adibide izan zen Osintxu. Izan ere, Gipuzkoan bakarrik 1.004 pertsona izan ziren antzeko egoeran fusilatutakoak, Xabier Arregi auzotarrak azaldu duenez. Estatu mailan, 114.000 lagunen gorpuek desagertuta jarraitzen dute.

Bada, gertaeren 75. urteurrenean antolatu zuten lehenengoz fusilatuei omenaldia, eta Balentziagaren eskultura jarri zuten bost gizonok erail zituzten tokitik gertu.

Omenaldiaren antolatzaileek memoria historikoa lantzearen garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, Arregik nabarmendu duenez, Frankismo garaiko azken urteetan eta erreforma sasoiko lehenengotan, 1975 eta 1980 urteen artean, Martin Villa barne ministro zela, espainiar estatuko artxibategietatik gerra sasoiko hainbat artxibo "desagerrarazi" egin zituzten. Hala, azpimarratu du "kosta egin dela" informazioa batzea.

Asteburuko ekintzak

Hala, memoria historiko hori lantzen jarraitzeko, ekintzaz beteriko egunak dituzte Osintxun. Asteburuan Krabelinaitzeko lubakiak bisitatu zituzten, eta atzo Josu Txuekaren hitzaldia izan zuten. Txuekak 36ko altxamenduaren zergatiak eta horrek Euskal Herrira ekarritako ondorio latzak azaldu zituen.

Bihar gauean, berriz, Josepa Tapiaren kontzertua izango da plazan, eta domekan, omenaldia. 12:00etan meza izango da, eta ondoren monolitoraino martxa. Fusilatuen ondorengoak izango dira bertan, eta lore eskaintza egingo dute, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.