"Pauso kualitatibo bat emateko unea" iritsi dela esan du gaurko aurkezpenean Maite Agirrek, Bergarako Udaleko kultura zinegotziak: "Mundura zabaltzeko ordua iritsi dela uste dugu, eta zentzu horretan internetek ematen dituen aukerez baliatu gara".
www.laboratorium.eus izango da Bergarako museoaren webguneko helbidea, eta Netkam enpresa izan da berau egiteaz arduratu dena.
Museoko teknikari Rosa Errazkinek azaldu du Parisko Art et Métiers museoaren atariaren diseinuan oinarritu direla.Era berean, webgunean Laboratorium museoko logoaren kolorea den gorriak presentzia handia izatea nahi izan dute. "Diseinu erakargarria, bisuala eta, batez ere, erabilerraza" egin nahi izan dutela esan du Errazkinek.
Webguneak eskaintzen duena
Atari honetan museoaren inguruko denetariko informazioa topa dezakegu: batetik, informazio praktikoa, ordutegiarekin, helbidearekin, edota egingo diren jarduerak biltzen dituen egutegiarekin, esaterako.
Bestalde, museoaren aurkezpena, Errege Seminarioari buruzko informazioa edota Laboratoriumeko bilduma osatzen duten piezen informazio zehatza ere topa daiteke, besteak beste.
Horrez gain, Museoaren Lagunak atalean, Laboratoriumen inguruko berriak eta informazioa e-postaz jaso nahi lukeen orok bertan erregistratuta horretararako aukera izango du.
Bergarako museoaren ataria euskaraz eta gazteleraz dago erabilgarri momentuz, baina azaroaren erdialderako ingelesez eta frantsesez ere jartzeko asmoa daukate.
Sare sozialetan ere presente
Webgunea estreinatzeaz bat, Facebook eta Twitter sare sozialetan ere Laboratorium museoaren berri izateko kontu bana ireki dute.