Helduendako nazioarteko txotxongiloak Bergaran

Miren Arregi Amasorrain 2016ko urr. 18a, 14:41

Eguenean hasi eta domekan bukatuko da Helduentzako Txotxongiloen XIII. Mostra. Kaleko dantza eta su ikuskizun batekin hasi eta buztinez egindako pertsonaia txiki baten istorioarekin bukatuko da. Zazpi talde egongo dira tarte horretan Bergaran.

Ikuskizunak herriko gune desberdinetan egingo dira, hala nola, Zabalotegin, Gaztetxean eta Aroztegin aretoan, eta baita kalean ere. Mostrari hasiera emango dio Deabru Beltzak taldeak, 'Su à Feu' ikuskizunarekin. Eguenean izango da hori, 20:00retan hasita, Bergarako kaleetan barrena.

1991n antolatu zuen lehenengoz eta eguenean hasiko da bi urtean behin egiten den Txotxongilo Mostra. Aurtengoa hamahirugarren edizioa izango da. Bergarako Taun Taun Teatroak, Euskal Herriko eta Espainiako antzerki panoraman hutsune bat bete gura izan du mostra antolatzerakoan eta bere ibilbidean zehar, nazioarteko 140 artista eta konpainiak hartu dute parte.

Aurten, gainera, izango da berrikuntzarik; izan ere, Stop Motion tailerra antolatu dute, eta ez hori bakarrik, Animatu izeneko atala ere sortu baitute. Bertan, animaziozko film laburrak proiektatuko dira.

Hona hemen egitaraua:

  • Urriak 20, eguena, 20:00etan, kalean zehar: Deabru Beltzak taldearen Su á feu kale ikuskizuna. Kaleko dantzan, suan eta erritmoan oinarritzen da Su á feu ikuskizuna. Ikuskizunean etorkizunekoak diruditen pertsonaia bitxi batzuk kalea hartzen dute eta egunerokotasuna munduko toki ezberdinetako erritmoekin eta su primitiboarekin nahasten dute.
  • Urriak 21, egubakoitza, 20:00etan, Zabalotegin: Volpinex taldearen BANG! ikuskizuna.
    Objektuen antzerkia eta zinema, umorez eta originaltasunez elkartzen ditu Frantziako Volpinex konpainiak. Grabazio kamerak, filmazio estudio txikiak eta begien bistan garatzen dituen bestelako teknikak erabiltzen ditu taldeak, zuzeneko musika eta soinu efektuak uztartzen dituelarik.
  • Urriak 21, egubakoitza, 22:30ean Gaztetxean: Roberto White argentinarraren Variette White ikuskizuna. Edozein egoerara moldatzen den ikuskizun dibertigarria. Bertan, Roberto Whitek bakarlari gisa sortutako lanak, adin guztietako ikusleentzat egokitutako kabaret entretenigarri baten konbinatzen ditu.
  • Urriak 21, egubakoitza, Gaztetxean: Animatu proiekzioak: Balloon, Sindrome de la línea blanca, El viaje de Said, Made in Spain, El ruido del mundo. Ohiko proiekzio zirkuituetan ikustea zaila den proposamen zinematografikoa.
  • Urriak 22, zapatua, 10:00etik - 14:00ra, Aroztegi aretoan: Stop Motion tailerra. Animaziozko laburmetraien tailerra, hutsetik ikasteko pentsatua. Stop Motion teknika erabiliko da, bizigabeko objektuei bizitza emateko, argazkien bidez eta mugimendua emanez.
  • Urriak 22, zapatua, 13:00etan, 18:00retan eta 19:30ean, San Martin plazan: Cal y Canto teatro taldearen Perro perdido ikuskizuna. Aktoreen zapata eta oinek zuzentzen dute txotxongilo eta objektuen ikuskizuna. Testu gabeko istorioa da eta oihala premiazkoa denean soilik altxatzen da.
  • Urriak 22, zapatua, 20:00etan, Zabalotegi aretoan: Compañía Impulsoren Fauno. Lo bello y lo monstruoso. Madriletik datorren taldea da Compañía Impulso. Dantzatik eta txotxongilo baten manipulaziotik abiatuta, edertasunerantz, munstrokeriarantz abiatuko gara, maitasunerantz, gorrotorantz, atxikimendu eta aldentzerantz. Sentsazioz beteriko ozeano baten murgilduko da ikuslea.
  • Urriak 22, zapatua, 22:30ean, San Martin plazan: La Industrial Teatrera taldearen Náufragos ikuskizuna. Katalunia eta Madriletik Clown kodean egindako ikuskizuna. Noraezean bizi diren bi naufrago dira protagonistak.
  • Urriak 23, domeka, 13:00etan, 18:00retan eta 19:30ean, San Martin plazan: Cal y Canto teatro taldearen Perro perdido ikuskizuna. Aktoreen zapata eta oinek zuzentzen dute txotxongilo eta objektuen ikuskizuna. Testu gabeko istorioa da eta oihala premiazkoa denean soilik altxatzen da.
  • Urriak 23, domeka, 18:00retan eta 20:00retan, Zabalotegi aretoan: Errioxako El Patio Teatro taldearen A Mano ikuskizuna. A Mano lokatzarekin kontatutako istorio bat da, eta ihes egiteko desira handia duen pertsonaia txiki baten istorioa ere bada. Erakusleiho bat eta bertako maizterren istorioa, maitasun istorio bat, porrot txikien istorioa, tornu batena eta buztinola txiki batena. Jolasten duten lau eskuren istorioa da A Mano.
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak