40 bikotek hasi zuten Arrano tabernako binakako III. pilota txapelketa, eta azkenean txapela, Bergarakoa ez zen bikote bakarrarentzat izan da, Gallastegik eta Josuk osatutakoarentzat. Atzo jokatu zuten finala Udal Pilotalekuan, eta 22 eta 7 hartu zuten mendean irabazleek Ugartek eta irizarrek osatutako bikotea. Finalaren aurretik 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidua egon zen jokoan, eta kasu honetan, Aranburuk eta Muruamendiarazek 22 eta 17 hartu zituzten mendean Humberto eta Gallas. Partiduek zale dezente erakarri zituzten, eta pilotarien lagunek etengabe animatu zituzten jokalariak.
"40 bikote, 80 pertsona ibili gara txapelketan lehian, eta batzuek beste batzuek baino maila hobea erakutsi duten arren, ondo pasatu dugu, eta hori da garrantzitsuena", zioen finalaren ostean Ibon Leibar Arranoko langileak, eta era positiboan baloratu zuen aurtengo txapelketa.
Askotariko ekintzak
Finalaren aitzakian askotariko ekintzak antolatu dituzte egunotan Arrano tabernan eta Artatse elkartean. hala, egubakoitz gauean bertso-saioa izan zuten, eta atzo 70 lagun inguru elkartu ziren Artatsen egin zuten bazkari herrikoian. Bazkalostea animatzen, aldiz, DJ Keep_a ibili zen.
Leibarren esanetan, oraindik ere ez dakite Auzitegi Gorenak Arrano taberna eta Artatse elkartea konfiskatzeko emandako erabakiarekin zer gertatuko den, baina gaineratzen du atzokoak moduko ekintzekin herriaren babesa lortu nahi dutela, eta lortzen ari direla.