Pop Up azoka denboraldi berriko produktuekin

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 5a, 16:47

Bedelkarreko 20 komertziok haien nobedadeak erakutsi eta salduko dituzte hurrengo asteburuan San Martin plazan egokituko duten lokal batean.

Ekimen berri batekin datoz Bergara Biziko kideak hurrengo asteburuan. Pop Up estiloko azoka muntatuko dute urriaren 15ean eta 16an San Martin plazan, Biltoki denda zegoen lokalean, hain zuzen.

Zapatuan, honako ordutegia izango du azokak: goizez, 10:00-14:00, eta arratsaldez, 17:30-20:30. Domeka goizean ere irekiko dute, 11:00etatik 14:00etara bitartean.

Udazken-neguko arropak ikusi eta erosteko aukera izango da. Gainera, gune horretan eskuragarri egongo diren produktuek %10eko deskontua izango dute.

20 komertzio

Hogei dendak eramango dituzte produktuak azokara: zortzi arropa denda, lau zapata denda, osagarrien bi denda, bi edertasun zentru, lentzeria bat, loradenda bat eta dekorazio denda bat.

Girotutako gunea

Biltokiko lokalean, baina, ez dira produktuen salerosketara mugatuko. Aldiz, Bedelkarreko Ainhoa Garitanok azaldu du "giro polita" izango dela bertan. Musikak alaituko du uneoro azoka, eta horretaz gain, zapatu arratsaldean kafe txoko bat jarriko dute. Horretarako, herriko zenbait jatetxe, kafetegi eta gozotegiren laguntza izango dute.

Iluntze aldean kafearen partez garagardoa zerbitzatuko dute. Helburua jendearendako toki atsegin bat egokitzea da.

Zozketa

Pop Up azokaren bueltan, zozketa bat egingo dute bertan erosten dutenen artean: 100 euroko balea azokan bertan gastatzeko. Zapatuan, 19:30ean jakinaraziko diote irabazleari saria jaso duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak