Zapatuan hasiko da organo erromantikoaren XVII. nazioarteko zikloa

Amaia Txintxurreta 2016ko urr. 4a, 13:39

Aurten ere Bergaran, Azkoitian eta Azpeitian egingo dira organo erromantikoaren kontzertuak. Bergaran zehazki hiru izango dira: zapatuan lehenengoa, hilaren 15ean hurrengoa eta 22an azkena, guztiak 20:00etan.

Bergaran, Azkoitian eta Azpeitian, hiru herri horietan daude organo erromantikoak Gipuzkoan, eta hamazazpigarren urtez egingo den organo erromantikoaren nazioarteko zikloan zehar, hainbat emanaldi egingo dira herri horietan.

Zapatuan hasiko dira emanaldiak; Bergaran, esaterako, 20:00etan izango da lehenengo kontzertua Oñatiko Amaia Azpiazu sopranoaren eta Aitor Olea organo-jolearen eskutik. Bertan Aita Madinaren piezek hartuko dute protagonismoa, hauxe esan du Fray Joseph de Echevarria amigos del organo elkarteko Esteban Elizondok: "Batez ere Aita Madinaren obrak joko dira bertan. Oso gertukoa izango da, dakizuenez Oñatin jaio eta hil zelako, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan sopranoa eta organoa dituen musika hori ezagutzera ematea, eta Aita Madina gerturatzea, gure konposatzaile handi bat delako".

Egitarauaren estruktura

Hiru herrietako egitarauek aurreko urtetakoen estruktura bera mantenduko dute: herri bakoitzeko kontzertu baten bakarlari batek eta organo-jole batek hartuko dute parte, horietan oso onak diren etxeko artistak izango dira protagonista; beste kontzertu batean abesbatza batek eta organo-jole batek hartuko dute parte, Easo Abesbatzak, Koruko Andre Maria Musika Kaperak eta Hondore Abesbatzak hartuko dute parte; eta zikloari izaera internazionala emateko, aurten Italia, Alemania eta Eslovakiako organo-jole bana izango dira.

Ikasleen kontzertua ere egingo da Azpeitian, belaunaldi berriek ere presentzia izan dezaten.

Bergaran eguerdian egin den aurkezpenean Maite Agirrek adierazi du modalitatea geroz eta ezagunagoa egiten ari dela ziklo horren bitartez: "Orokorrean ezezaguna den modalitatea da, baina ezaguna bihurtzen ari dena bai Bergaran, eta baita Azkoitian eta Azpeitian, ziklo honen bitartez".

Eta bertan izan den Jose Luis Franzesena organo-joleak gaineratu du organoekiko interesa pizten ere ari dela: "Inportanteena da jende geroz eta gehiago ari dela joaten, interesa pizten ari da, ari da jabetzen baita ere dauzkagun organoak ez direla edozelakoak, baizik eta direla internazionalki ezagutzen direnak. Geroz eta jende gehiago etortzen da organoak ikustera ere. Eta iruditzen zait ondare horri erantzun egin behar diogula".

Bergarako emanaldiak

Bergaran, hiru kontzertu izango dira zikloaren barruan; zapatuan izango da lehenengoa, hilaren 15ean hurrengoa, eta azkena hilaren 22an, guztiak 20:00etan.

Zapatukoan parte hartuko dute Amaia Azpiazu sopranoak eta Aitor Olea organo-joleak; hilaren 15ekoan Eslovakiako Stanislav Surin organo-jolea entzun ahal izango da; eta hilaren 22koan Koruko Andre Maria Musika Kaperak hartuko du parte Alize Mendizabal organo-jolearekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak