Kilometroak 2016 Bergara

Elorrieta, Oreka TX, Aukeran eta Alos Quartet, hari beretik edertasunez

Eneko Azkarate 2016ko ira. 25a, 10:53

Distiraz, melodia eta erritmo zainduz, eta magiaz betetako gaua izan da Bergaran. Aspaldian ikusi ez den modukoa, emanaldiaren kalitateagatik, besteak beste. Ikuskizun askotarikoa: musika, dantza, abestia. Euskal doinu tradizional, beste leku batzuetako -tangoa kasu-, aurreratuago edo popera gehiago hurbiltzen direnak presente: Garden.

Alos Quartet, Aukeran dantza konpainia, Oreka TX eta Eñaut Elorrieta agertokian. Eta sorpresa ere bai: Aranzadi Ikastolako haurrez osatutako abesbatzak eman zion-eta hasiera emanaldiari, Kilometroak 2016ko abestia, Demasa, soilik ahotsez kantatuz, Rosa Narbaizaren zuzendaritzapean.

Haientzako izan ziren lehen txaloak. Ikusleria txalo gogoz, hasiera-hasieratik. Aitorpen adierazpenak ondo merezita jaso zituzten protagonistek, ordu eta erdi luzatu zen emanaldian.

Maila handiko hari laukotea da Alos. Xabier Zeberiok, nyckelharparekin eta biolinarekin maisuki gidatzen duena. Hark eman zien hasiera pieza guztiei. Francisco Herrerok (bolina), Lorena Nuñek (biola) eta Pello Ramirezek (celloa) osatzen dute laukotea.

Oparoa da talde tolosarraren kolaborazio zerrenda eta azken diskoaren izena daraman ikuskizunerako luxuzkoak dira bidelagunak. Oreka TX txalapartariena kasu. Txalaparta beste sonoritate eta dimentsio batera daroate Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Mikel Ugartek. Eta Garden-i erritmoa ez ezik, sakontasuna eta edertasuna ematen diete.

Garden ezberdina agertokiaren arabera eta atzokoa, gorenekoa izan zen, baxu jotzaile (Ivan Alzate) eta perkusio jotzaile (Iñigo Egia) eta guzti. Horiek ere taxu berezia eman zieten emanaldiari.

Une berezietako bat izan zen Eñaut Elorrietarena. Hiru pieza eskaini zituen, horietako baten publikoarekin elkarreragin zuela, jendea abesten jarriz. Baina hiruetatik txalotuena izan zen Hemen gaude ospetsua. Kilometroak 2016ren antolaketan diharduten Aranzadi Ikastolako guraso eta bestelako boluntarioei eskaini zien. Alos laukotearekin batera, txalapartariak, perkusio jotzailea eta baxu jotzailea batera.

Elorrietaren emanaldian nabarmenago geratu zen soinu kalitate bikaina. Frontoian?, galdetuko dio bere buruari batek baino gehiagok. Bai, frontoian. Bergarako Udal Pilotalekuan gutxitan entzun den moduko soinua atzo. Badu azalpen bat, ordea: soinu mahaian, maisu bat: Jean Phocas. Garai bateko Xoxoa diskoetxearen eta, gerora, Elkarren soinu injineru ofiziala, Itoiz, Errobi eta, bereziki, 1980ko hamarkadako zerrenda amaigabeko diskoetako soinu injinerua, esaterako, hamarkadetan, Oskorrirekin lan egin duena, baita Zeberio berarekin ere, oraintsu agur esan dion Natxo De Feliperen taldean.

Bukaerako utzi dut dantzarien aipamena. Baina nabarmentzea merezi du Edu Muruamendiarazen Aukeran dantza konpainiako dantzarien lana: dantza tradizionalak era berrituan, tankera klasikoagokoekin uztartuta… Haiek agertokian zeudela entzun ziren txalo indartsuenak. Ederra!

Kilometroak 2016ko Kultur hamabostaldiko emanaldirik jendetsuena izan da Garden -Bergarako Udal pilotalekua ia bete-beteta, 700 ikus-entzulerekin-. Emanaldiaren ostean, Kilometroak 2016ko boluntarioak, di-da baten desmuntatu zuten guztia, eta harmailak garbitu, gaurko hauteskunde eguneko bozkalekuak gertu uzteko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak