Euskal Autonomia Erkidegoko udal euskaltegietarako curriculum berria landu du euskaltegiotako lantalde batek, eta curriculum horren nondik norakoak azaltzeko bilera egin dute gaur Bergaran.
Curriculum berriaren ezaugarri nagusia da mintzamena, komunikazioa, lehenetsiko duela, nahiz eta orain arte bezala ez dituzten ahaztuko irakurmena, idazmena eta entzumena ere. Mintzamena lehenestearena hizkuntzen esparruan joera orokorra da gaur egun. Hain zuzen ere, udal euskaltegietako curriculum berria Europako hizkuntzen marko orokorrean dago oinarrituta, eta hizkuntza guztientzako ildoak zehazten ditu marko honek, baita euskararentzakoak ere.