Etzi, eguena, hasi eta irailaren 22ra arte Europar Batasunak deitutako Mugikortasun Astea ospatuko da. Egitasmo honen helburua trafikoak hirietan sortutako kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa eta beste hainbat arazori aurre egitea da eta Bergarako udalak bat egin du egitasmo honekin.
Ingurumenarekiko hartutako konpromisoarekin azaldu du Elena Lete Bergarako alkateak eta nabarmendu du ondorengo belaunaldiei ahalik eta egoera onenean utzi behar zaiela lurraldea eta horretarako, herritarren konpromisoa eskatu du.
Gaineratu du herriko ikastetxe guztiak mugikortasunaren gaia landu dutela eta kotxea hainbeste ez erabiltzeko kontzientziazio kanpaina bat egitea eskatu ziotela udalari. Hain zuzen ere, kanpaina horretatik eta ikastetxe guztien inplikaziotik sortu da kotxerik gabeko eguna, irailaren 22an ospatuko dutena. Egun osoko egitaraua dago antolatuta.
Goizean, batez ere umeendako ekintzak egongo dira. Hala ere, helduendako txango bat ere egongo da. Arratsaldean, umeendako puzgarriak egongo dira San Martin Agirre plazan eta herriko plazan, berriz, bizikleta elektriko eta eliptikoak probatzeko postuak egongo dira, baita kale erakusketa bat ere.
Datorren urtera begira, udal teknikariak gaineratu du mugikortasun aste osoari indarra ematea dela udalaren asmoa.