Hiru aste besterik ez dira gelditzen Bergaran Kilometroak eguna ospatzeko, eta azken asteak ekintzaz beteta datozela iragarri dute antolatzaileek. Horietan jendetsuena hilaren 24an, gaueko 22:30ean herriko frontoian egingo den Garden ikuskizuna izango da.
'Garden' ikuskizuna
Emanaldi horretan ikusi eta entzun ahal izango dira Alos Quartet taldea, Aukeran dantza konpainia, Oreka TX eta Eñaut Elorrieta abeslaria. Garden ikuskizunaren formaturik handiena izango da, beraz, Bergaran. Horixe adierazi du Alos Quartet taldeko Xabier Zeberiok: "Formatu handiena izango da Bergaran aurkeztuko duguna, potenteena, ikusgarriena dudarik gabe. Aurretik egin dugu Bilboko Campos Eliseos antzokian, Donostiako Victoria Eugenian eta baita Ezpeletan ere, eta Bergarakoa izango da laugarrena".
Aukeran dantza konpainiako Edu Muruamendiarazek, bestetik, aurkezpenean esan du bera Aranzadi ikastolan hasi zela ikasten eta ohore bat izango dela dantzekin bueltatzea. Azpimarratu du adin guztietako pertsonendako dela aproposa ikuskizuna eta guztiak animatu ditu ikustera joan daitezen. Antolatzaileek sorpresak ere iragarri dituzte egun horretarako.
Garden ikuskizunerako sarrerak 15 euroren truke eros daitezke, dagoeneko 400 inguru saldu dira, eta oraindik ez dituztenek, Pikupe Produkzioak-en bulegoan edo euren webgunean eros ditzakete.
Bestelako ekintzak
Kultura Hamabostaldiaren barruan egingo da Garden, baina bestelako kontuak ere izango dira egunotan. Zapatu honetan bertan World kafe saioa egingo da ikastolan 09:30etatik aurrera, Kilometroak bidea izeneko hausnarketa prozesuaren gainean.
Kilometroak bidea prozesua ilustratzen duen erakusketa ere jarriko dute ikusgai Aroztegi aretoan, hurrengo asteko martitzenetik aurrera.
Hala ere, aurretik, astelehenean, eskola kirola ikuspuntu kritiko eta hezitzaile batetik aztertuko den mahai-ingurua ere egingo dute ikastolan 19:00etan. Juan Gorritiren Aralar itsasmira erakusketa ere astelehenean zabalduko da, eta martitzenean inklusibitateari buruzko antzezlana egingo da Zabalotegin 19:00etan.
Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak balioan jarri du Kultur hamabostaldi honekin egiten diharduten ahalegin berezia. Hausnarketa eta aisialdia batzen dituen egitaraua. "Kilometroak bidea hiruzpalau urtetan luzatuko den hausnarketa prozesua da. Etorkizuneko Kilometroak jaia nolakoa izan behar den pentsatzen ari gara, jaia berrasmatzen, eta horretarako, besteak beste, 40 edizioetako antolatzaileak batu nahi ditugu Bergaran egingo dugun World kafe saioan".
Kultur hamabostaldiaren programazio osoa
Kilometroak bidea erakusketa. Gipuzkoako Ikastolen jaiaren 40. edizioa da aurtengoa. Eta hori baliatu nahi da festarako eta egindakoa gogoratzeko, baina era berean, hausnarketarako ere bai. Hala, 40 edizioetako irudiak, leloak, argazkiak, abesti zatiak… erakutsiko dira Bergaran. Aroztegi aretoan, irailaren 19tik urriaren 2ra bitartean.
Honako ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
World kafe saioa. Kilometroak bidea hausnarketa prozesuaren gainean. Irailaren 17an, larunbata, Bergarako Aranzadi Ikastolan, 9:30etik aurrera. Ikastolen Elkartean hausnarketa prozesu luzean murgilduta daude azkenaldian eta larunbateko ekimena hor kokatzen da. Ikastolen jaiarekin, elkartasuna eskatzeaz gain, euskararen, euskal hezkuntzaren eta euskal kulturaren alde sustapen lana ere egiten da. Bi xede nagusi hauek, hau da, elkartasuna hartu eta kultura eman, modu eraginkorrean erantzuteko ikastolen jai eredu berria berrasmatu nahi dute ikastolek.
Eskola Kirol Hezitzailea izendatu dugun mahai-ingurua antolatu dugu irailaren 19an. Eskola kirola ikuspuntu kritiko eta hezitzaile batetik aztertuko da bertan. Aranzadi Ikastolan izango da, 19:00etan.
Inklusioaz formatu txikian antzezlana. Atea Teatro konpainiaren eskutik, irailaren 20an, 19:00etan hasita, Zabalotegi aretoan. Iazko irailean, Usurbilen, Kilometroak 2015k antolatuta estreinatu zuten Jendartea bidaide formatu handiko antzezlanaren jarraipena da Bergaran estreinatuko den antzezlana. 12 urtetik gorakoentzako da eta 50 minutu irauten du. Hausnarketarako bide ematen du antzezlanak.
Garden, Alos Quartet eta gehiago. Alos Quartet hari laukote tolosarraren azken diskoaren izenburua da Garden. Baina hori baino askoz ere gehiago da irailaren 24an Bergarara helduko den ikuskizuna. Izan ere, musikaz gain, beste osagai batzuk ere izango ditu eta puntako talde eta bakarlariak batuko ditu agertokian: Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko konpositore eta abeslaria; Oreka TX txalaparta taldea eta Edu Muruamendiaratzen Aukeran dantza konpainia.
Alos Quartet taldeak hainbat kolaborazio egin ditu, askotariko artistekin. Garden ikuskizuna, Bergarara ekarriko duten formatuan, Bilbon estreinatu zuten, Campos Eliseos antzokian, apirilean eta abuztuaren 13an Ezpeletan eskaini dute azkenekoz. Aurretik, Donostian ere ikus ahal izan da Victoria Eugenian. Honenbestez, Bergaran egingo dute laugarren geldialdia. Aukera bakarrenetakoa izango da, hortaz, punta-puntako ikuskizunarekin gozatzeko.
Bergarako ikuskizun honek, gainera, izango ditu beste osagai batzuk, esaterako, Aranzadi Ikastolako -Kilometroak 2016ren antolatzailea- neska-mutikoz osatutako abesbatza baten emanaldia.