"Xaxau elkartearekin batera, txosnagune txiki bat antolatu dugu eta bertan izango da herri bazkaria", azaldu du Maite Agirre kultura zinegotziak. Herri bazkarirako txartelak, honako tokietan jarriko dira salgai: Arrano, Bule eta Depor tabernetan.
Azokaren baitan, beste berritasun batzuk ere izango dira aurten. Izan ere, bi ikastaro antolatu dira, Berakatz-zopa lehiaketarekin batera. "Lehenengo aldiz, bi ikastaro antolatu ditugu: Erleak eta eztia eta Etxerako Botikinak. Horrez gain, azpimarratzekoa izango da I. Berakatz-Zopa Lehiaketa. Oraindik izen-ematea zabalik dago", adierazi du Agirrek.
Danborradari dagokionez, hiru konpainia berri izango dira. Lokatza txirrindularitza elkartearena, Demasa Kilometroak 2016ko konpainia eta gazte talde batena. Parte-hartze zabala izango dela nabarmendu du Maite Agirre kultura zinegotziak. "340 pertsona inguru izango gara, inoiz baino gehiago", dio.
Bestalde, aurten bere azken urtea dela eta, Ramon Etxaniz txistulariari omenaldi bat egin nahi dio udalak, txistulari eta dantzariekin. "Bera izan da arlo honetako bultzatzailea urte luzez eta aurten erretiroa hartuko du. Urte luze hauetan hazi txiki bat utzi digu, guk ureztatu eta zaindu behar duguna", azpimarratu du Elena Lete alkateak.
Amaitzeko, herritarrei disfrutatzeko eta ondo pasatzeko deia luzatu die alkateak, beti ere, jaiak errespetuz eta elkarbizitzan bizitzeko aholkuarekin.