Bergarako Udalak kultur egitarau oparoa prestatu du irailera begira, eta gaur goizean eman dute horren berri. Aurtengo iraileko eskaintzan denetarik izango da, baina badago denen gainetik nabarmentzen den berritasun bat; Musika klasikoko kontzertuen lehen zikloa.
Ziklo berezi hau antolatzeko Iñigo Alberdi Bilboko Koraleko gerentearen laguntza izan dute. Soraluzeko zuzendariak honela azaldu ditu zikloaren helburu nagusiak: "Bergaran tradizioa den bezala, kontzertu bereziak toki berezietan antolatzea izan da helburua. Betiko ildoari jarraituz, euskal taldeak ekartzea lehenetsi dugu programa osatzeko. Orain artean musika klasikoko kontzertu solteak egin izan dira, baina oraingoan hiru astetan kontzentratutako emanaldi sorta prestatu dugu".
Zikloa lau kontzertuk osatuta dago. Gaur bertan emango diote hasiera Euskadi Brass taldearen emanaldiarekin. Metalezko instrumentuak jotzen dituzte eta bertako zuzendaria da Alberto Urretxo arrasatearra da. Zapatuan, aldiz, Marta Urbieta Sopranoa, Jose Manuel Diaz baritonoa eta Mariano Lerena piano jolearen txanda izango da. Irailaren 10ean Kaabestri Ensemble taldeak joko du Mariaren Lagundiaren elizan eta azken kontzertua Kea ahots taldeak eskainiko du hilaren 17an.
Aurtengo eskaintzaren beste berritasun bat Bergarako kultur taldeen partaidetzarekin osatzen den Kultura Kalera jaialdiaren eskutik dator. Iaz egun bakarrekoa izan zen arren, aurten asteburu oso bat hartuko du, irailaren 23tik 25era. Iraileko eskaintzaren triptikoan herri kultur talde guztien informazio jarri du Udalak, edonork bertako kultur taldeekin ekitaldi bat antolatu nahi izanez gero, informazio praktikoa izan dezan. Aurten bi talde berri gehitu dira: Batukada taldea eta Arakne parpailarien elkartea.