Gaur hasi dira Iralako suteak eragindako kalteak konpontzen

Julen Iriondo 2016ko ira. 1a, 14:41

Abuztuaren 16tik 17rako goizaldean Irala kalean izandako suteak eragindako kalteak konpontzeko lanak gaur hasi dira. Zortzi auto kaltetzeaz gain, kalean ere utzi zuen arrastoa suak, eta Udaletik jakinarazi dute hamar bat egunean amaituko dituztela lanak.

Abuztuaren 16tik 17rako goizaldean Bergarako Irala kalean izandako suteak eragindako kalteak konpontzeko lanen hasiera lehenagorako aurreikusi bazen ere, lanak hasteko Ertzaintzak bere txostena igortzeko zain egon dira azkenean, eta gaur bertan hasi dute konponketa. Ertzaintzak ez du oraindik gertaeraren gaineko txostena bidali, baina Udal Gobernuak erabaki du lanek hasi egin behar zutela, besteak beste San Martin jaiak gertu daudela kontuan izanda. Hamar bat egunean amaituko dituzte lanak. Berriak sartzeko, suak eragindako kalteengatik botatako zuhaitzen sustraiak ateratzea izaten ari da lehen egitekoa. Hurrengo eguenerako-edo asfaltatuko dute bidea, eta astelehenean margotuko dute zorua. Gaur gaurkoz, kaltetutako inguruaren aldamenetik bideratu dute zirkulazioa.

Abuztuaren 17ko goizaldeko sutearen ondorioz zortzi autotan, lau zuhaitzetan, kaleko zoladuretan eta etxebizitza bateko balkoian izan ziren kalteak. Autoei dagokienez, hiru erabat kiskalita geratu ziren. Hiru edukiontzi ere erre ziren. Ertzaintzaren lehen hipotesia izan zen horietako batean hasi zela sua, norbaitek eraginda, baina ikerketaren emaitzak ez dituzte ezagutarazi oraingoz.

Beste lan batzuk

Bestalde, herriko beste hainbat gunetan ere ari dira egunotan asfaltatze eta bestelako lanak egiten. Espoloia eta San Antonio artean, adibidez, egin dituzte dagoeneko. Gaur Leizeaga kalean ari ziren langileak, eta beste hainbat leku ere txukunduko dituzte urri hasierara arte luzatuko diren lanetan. Aipatutakoez gain Basarte, Urdangarin pasealekua, Matxiategi, autobus geltokia, edota Zubiaurre kalea ere bazeuden konpondu beharrekoen zerrendan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak