Urriaren 2a gerturatzen ari da, eta Bergaran ospatuko den Kilometroak jaialdia bultzatzeko ekintzek ez dute etenik. Kirol arloan Txirrindularitzako Demasa Kriteriuma eta Eibar eta Errealaren arteko derbiaren ondoren, oraingoan nesken eskubaloiak emango dio jaialdiari bultzadatxoa.
Bergara K.E.-aren laguntzari esker, asteazken honetan Bera-Bera eta Zarautz taldeen arteko neurketa jokatuko da Bergarako Labegaraietako kiroldegian.
Bi taldeak iaz emakumeen maila gorenean lehiatu ziren baina Zarautzek ez zion mailari eustea lortu. Bera-Berak asteburuan Superkopako partidu garrantzitsua dauka eta asteazkeneko lehia bikain etorriko zaio indarrez nola heltzen diren neurtzeko.
Hitzordua 19:00etan hasiko da eta sarrerak ordubete lehenago jarriko dira salgai Labegaraietako kiroldegian bertan. Bost euroko prezioa edukiko dute, eta hamabi urtetik beherakoentzat hirukoa.