Elena Lete: "Sutearen ondorioz kaltetutako herritarrei gure laguntza eskaintzen diegu"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko abu. 18a, 14:13

Irala kaleko kalteen konponketa lanak, bihar, abuztuak 19, hasiko dituztela konfirmatu du Bergarako alkateak. Gainera, Ertzaintza eta Bergarako Udaltzaingoa sutea nola piztu zen ikertzen jarraitzen dutela azaldu du.

Bergarako Irala kalean atzo goizaldean edukiontzi baten sutearen ondorioz sortutako kalteen konponketa lanak gaur hasi beharrean bihar hasiko dira, Udaletik azaldu dutenez. Gainera, kaltetutako errepide zatiaren asfaltatze lanak datorren astean hasiko dituzte, eta Irala kaleko kaltetutako gunea trafikoarendako itxita egongo da, lanek irauten duten bitartean.

Ertzaintza kiskalitako edukiontzi baten plastiko zati bat ikertzen ari da oraindik, sutea azkartzeko produkturik duen edo ez aztertzeko, hau da, sua norbaitek piztu zuen edo ez jakiteko.

 

Bergarako Udalaren oharra:

"Bergarako Udalak asteazkenean, goizaldeko 04:00ak inguruan, suertatutako sua salatu nahi du. Era berean, kalteak izan dituzten herritarrei bere laguntza eskaintzen die eragindako kalteen erantzukizuna ahalik eta lasterren argitzeko eta aseguruen aurrean aurkeztu beharreko dokumentazioa osatzeko. Horretarako, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean ari dira gertatutakoa aztertzen, izan ere, ematen du nahita sortutako sute bat izan dela eta edukiontzi batetik hasi zela baina egindako azterketen emaitzak jaso ondoren ziurtasun osoz jakingo dute. Honela, ekintza argitzeko baliogarria izango da eta horren ondorioz behar diren neurriak hartuko dira.

Bestalde, Bergarako Udala eta Debagoieneko Mankomunitatea elkarlan estuan dabiltza aseguruen arteko harremana arintzeko eta behar den datu eta dokumentazio guztia osatzeko.

Gaueko sute horren ondorioz 8 autotan, 4 zuhaitzetan, kaleko zoladuretan eta etxebizitza bateko balkoian kalteak izan dira; asteazken goizeko lehengo orduetatik Bergarako Udalak garbiketa eta jasotze lanak hasi zituen eta datozen egunetan hasiko dira konponketa lanak, besteak beste, errepideko asfaltatzea, espaloiko harriak eta ertzak konpontzea, zuhaitzak kentzea eta errepidea margotzea izango dira egin beharreko lanak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak