1.500 lagun inguru hurbildu ziren Agorrosinera, aspaldian izan den sarrerarik onena zalantza barik. Bultzada ederra izan zen atzokoa Aranzadirentzat urriaren 2ko egun handira begira.
Kamiseta eta lora eskaintza
Partiduaren aurretik, bi taldeetako jokalariek, herriko neska mutikoek eta Kilometroak 2016ko ordezkariek argazkia atera zuten. Era berean, Aranzadi Ikastolako lehendakari Aitziber Lopez Aretxagak kamiseta bana oparitu zien Realeko eta Eibarreko kapitainei eta Aranzadi Ikastolako neska mutiko bik lore sorta bana eman zien. Realeko eta Eibarreko kapitainek, ostera, bi taldeetako kamiseta bana eman zien Aranzadi Ikastolako lehendakariari.
Golak bigarren zatian
Hori bai, epaileak partiduaren hasiera adierazi ostean, seriotasuna eta intentsitatea nagusitu ziren Agorrosingo berdegunean. Lehen zatia husna amaitu ostean, bigarrenean heldu ziren lehiako bi golak. Lehena armaginek egin zuten Ruben Peñaren eskutik eta, hortik aurrera, gainera, Eibarrenak izan ziren baloiaren jabetza eta gol aukera garbienak. Baina partiduaren hondarrean David Concha aurrelari txuri urdinak egindako golak berdinketa ekarri zuen markagailura.
Amaiera xelebrea
Lagunartekoa izan arren, lehia bizia izan zen eta horren adierazle da partiduko azken jokaldian Iñigo Martinezen eta Ruben Peñaren artean eman zen liskarra. Beroaldia pasatu ostean, baina, denok lagunak. Eta ondoren, ume eta gaztetxoek hartu zuten berdegunea, euren idoloen sinaduren bila.