Sinatu dute Seminarioari buruzko hitzarmena

Maite Txintxurreta 2016ko uzt. 22a, 14:19

Asteleheneko osoko bilkuran hartu zuten erabakiarekin, Arrizuriaga jauregia Udalarena izango da aurrerantzean, eta UNED Errege Seminarioan geratuko da. Gaur sinatu dute akordioa, eta Foru Aldundiak Errege Seminarioko elizan egiten diharduten erabilera anitzeko aretoarendako diru laguntza eman dio Udalari.

Gaur goizean UNEDeko patronatuarekin bilera egin dute, eta ondoren Udaletxeko pleno aretoan egin dute hitzarmenaren sinatzea. Bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Denis Itxaso Kultura diputatua, Elena Lete alkatea eta Iñaki Esparza, UNEDeko zuzendaria.

Hala ofizialki, gaurtik aurrera Arrizuriaga jauregia Udalarena izango da, eta UNEDek seminarioan jarraituko du.

"Egun garrantzitsua"

Guztiek bat egin dute esanez gaurko hitzarmena oso garrantzitsua dela herriarendako zein lurralderako. Olanok adierazi du Seminarioko elizako aretoak bi onura ekarriko dituela: "ondarea mantentzea eta Bergaran ekipamendu kulturalerako beharrari erantzutea".

UNED Seminarioan mantentzea eta irakaskuntza funtzioetarako egokitzea ere pauso garrantzitsutzat jo du diputatu nagusiak.

Bergarako alkateak hitzarmena Bergaran sinatzearen balio sinbolikoa azpimarratu du, eta hartutako erabakia "herriarendako onuragarria" izango dela esan du.

Denis Itxaso Kultura diputatua ere bat etorri da alkatearekin, eta Mintegiak sortu zenean kulturan eta jakintzan izan zuen paper garrantzitsuaren jarraipena dela UNED adierazi du.

"Korapiloa" askatzea

Iñaki Esparzak UNEDeko zuzendariak, bere aldetik, esan du urte askoan luzatu den korapiloa askatu dela gaurko akordioarekin. Hala, urrutiko hezkuntzarako unibertsitate honen potentzial osoa garatzen hasteko gogoz agertu da.

40. urte betetzen ditu aurten Bergarako UNEDek, eta alde horretatik ere hitzarmena berezitzat jo du Esparzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak