Ezin gusturago dabiltza gazteak kanpamentu teknologikoan

Maite Txintxurreta 2016ko uzt. 12a, 15:20

Atzo, astelehena hasi zituzten kanpamentu teknologikoak Bergarako Laboratorium museoan. 11 eta 16 urte bitarteko neska mutikoak errobotika eta programazioa lantzen ikasiko dute lagunarteko giroan. Aurten antolatu dute lehenengoz, eta egubakoitzera arte luzatuko da kanpamentua.

Astebetean zehar robotikaren eta programazioaren munduan murgilduko dira Laboratoriumeko Kanpamentu teknologikoan izena eman duten hamaika eta hamasei urte bitarteko gazteak.

Kanpamentu hauetan bi ikastaro egingo dituzte, gazte bakoitzak gehien erakartzen duena aukeratu duelarik. Hala, batetik errobotika landuko dute, eta bestetik, berriz, ordenagailu bidezko programazioa, Minecraft jokoarekin.

Atzo hasi ziren arren, honezkero gauza asko ikasi ahal izan dituzte gazteek. Gaurkoan, atzo piezaz pieza muntatzen hasitako robota funtzio desberdinetarako programatzen aritu dira. Robota ordenagailuarekin lotzen duen aplikazio bat erabiliz egin dute hori. Datozen egunetan, esaterako, LED argiak kontrolatzen dituen aplikazioa programatzen arituko dira.

Beste gela batean, berriz, gazteen artean arrakasta handia duen Minecraft ordenagailu jokoaren programazioa landu dute. Abentura eta eraikuntza lantzen ditu joko honek. Gazteek, programazioaren bitartez hainbat modifikazio ezarri dizkiote.

Lehenengoz antolatu dute aurten kanpamentu teknologikoa Bergaran, gero eta gazte gehiagoren interesa erakartzen duela konturatuta.

Gazteetako batzuek argi daukate nagusitan teknologiaren munduarekin lotutako zerbaitetan lan egin nahi dutela: "Bideojokoak-eta asko gustatzen zaizkit, eta betidanik nahi izan dut horrelako zerbaitetan lan egin handitan", dio Ekhi Susaeta gazteak.

Egubakoitzera arte izango da kanpamentu teknologikoa Bergarako Laboratorium museoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak