Herritarrak zutik, Bergarako Urretxindorrak taldearen omenaldian

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko uzt. 10a, 20:30

Udal pilotalekua bete-bete egin zen Bergarako Urretxindorrak taldeari egindako omenaldian. Herriko kantu eta dantza talde ugarik hartu zuten parte eta guztiek abestu edo dantzatu zituzten Urrentxindorren abestiak. Taldekideek "zeharo hunkituta" amaitu zuten.

Bergarako Urretxindorrak taldea sortu zela 50 urte pasa dira eta euskal kulturan eta kantugintzan egindako lana eskertzeko, Urretxindorren Lagunak taldea sortu zuten hainbat herritarrek, omenaldi bat egiteko helburuarekin.

Omenaldi hunkigarria

Atzo, zapatua, egin zitzaien omenaldia jendez betetako Udal pilotalekuan. Herritarrez gain, kanpoan ere jarraitzaile ugari zituztelako, kanpotik ere jende dezente joan zen omenaldiaz gozatzera.

Herriko talde eta pertsona ugarik hartu zuten parte: parrokiako koruak eta San Joxepe abesbatzakoek, Bergarako musika eta dantza eskolakoek, Alai taldeak, Osintxuko Musikara dantza taldeak nahiz eta dagoeneko agurra emanda duten, Canden Town dantza akademiakoek, Bergarako Orfeoiak Aritzeta Abesbatzakoekin, Aranzadiko umeek, Manex Alberdik eta Eneko Galdos dantzariek, Aitor Garitano abeslariak... Guztiek Bergarako Urretxindorrak taldearen kantuak erabili zituzten. Iñigo Arzelus bertsolariak ere hartu zuen parte.

Eta saioari amaiera borobila emateko, Urretxindorrak taldeko kideek eurek ere bost kantu eskaini zituzten; Iguriako boluan, Haurra sehaskan, Aitorren hizkuntz zaharra, Mendiko puntatik eta Neska zaharrak. Ikus-entzuleak zutik jarri ziren txalo zaparrada artean bi aldiz, eta Mendiko puntatik abestia berriro errepikatu zuten. Julio Unamuno taldekideak azaldu zuen "zeharo hunkituta" amaitu zutela, eta hauxe gaineratu zuen: "Zoragarria izan da, ez dauka izenik. Herri guztiak hartu du parte eta gehiegizkoa izan da".

Opari ugari

Hainbat opari ere jaso zituzten omenduek: Beart artista elkarteak egindako koadro bana, Buztin zale Zeramika elkartekoek egindako eskultura bana, udaletik ere eskultura bana eman zieten, eta antolatzaileen opari bana ere jaso zituzten.

Bergarako Urretxindorrak taldearen garai beretsuan, urtebete beranduago, kantuan hasi ziren Ameslariak taldekoek ere detaile bat egin nahi izan zieten, eta bertso bat eskaini zieten. Bertso hori emanaldiaren gidari lanetan ibili ziren Urretxindorren Lagunak taldeko Maite Aristegik eta Karlos Etxanizek abestu zuten.

Antolatzaileak, pozik

Eguen, egubakoitz eta, atzo, zapatua, zeuden antolatuta hainbat ekintza taldea omentzeko, eta antolatzaileak oso pozik gelditu dira egindakoarekin, hauxe azaldu du Aristegik: "Oso pozik gelditu gara, herriak sekulako erantzun ona eman du, frontoia bete-bete egin zen zapatuan, partaidetza zoragarria izan da eta frontoian zeudenak bi aldiz zutitu ziren hunkituta Urretxindorrak taldekoek abestu zutenean". Egindako lanak, beraz, merezi izan duela gaineratu du.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak