Giro onean ospatu dute San Kristobal, Aldai Egia auzoan

Urtero bezala, eguerdian meza izan da auzoan, eta horren ostean, autoak eta motorrak bedeinkatu ditu apaizak. Harri-jasotzaile eta aizkolarien ikuskizunaz gozatu dute ondoren auzotarrek eta herritarrek, mokadutxo bat janaz.

Jai giroko asteburua igarotzen ari dira Bergarako Aldai Egia auzoan. Egubakoitzean hasi zituzten San Kristobal jaiak, eta gaurko ekintzekin emango diete amaiera festei.

Eguerdian, festa giroa

Belarriko minaren kontrako eta txoferren zaindari den San Kristobalen eguna da gaur, domeka, eta ekintzaz betetako goiz-eguerdi partea izan dute. Meza nagusiaren ostean, autoak eta motorrak bedeinkatu ditu apaizak; aurten, azken urteetan bezala, hainbat Vespa ere ikusi ahal izan dira auzoan, bedeinkapena jasotzera eramandakoak.

Herri kirolen erakustaldia ere izan da: Ernesto Bihurri eta bere seme Hodei izan dira aizkolari lanetan, eta harri-jasotzen Izeta II.a izan da. Azken horrek 100 kiloko koparen, 125 kiloko angeluzuzenaren eta 113 kiloko kubikoaren hainbat jasoaldi egin ditu.

Hori guztia, trikitilarien doinuek alaituta egin da eta bertsoak ere izan dira.

Antolatzaileak pozik

Jaien antolatzaileak pozik gelditu dira aurtengoak eman duenarekin. Gainera, nabarmendu dute zapatu gauean ere jende dezente izan zela, aurten lehen aldiz Udaletik taxi zerbitzua jarri dutelako auzora, 5 euroren truke.

Erlazionatuak

San Kristobal eguneko argazkiak

Bergara

Autoak eta motorrak bedeinkatu dituzte Bergarako Aldai Egia auzoan, urtero bezala, San Kristobal egunez. (Argazkiak: Konsuelo Errasti)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.