Garbiketa lanak nagusi San Martzialen, erromeria eguneko biharamunean

Maite Txintxurreta 2016ko uzt. 4a, 13:08

Atzoko erromeriaren ostean, gaur mugimenduak jarraitzen du San Martzialgo landan. Garbitzaileak eta udal langileak atzoko jaiak utzitakoa garbitzen ibiliko dira egun osoz.

Gaur, goizez zein arratsaldez "gauza txikiak garbitzen" arituko dira garbitzaileak, Edu Jauregi udal langileak azaldu duenez. Garbitzaileendako lan handiko eguna izaten da gaurkoa. Nabarmendu dute, gainera, jaia inguru naturalean izatean, kalean baino zailagoa dela guztia garbitzea belarretan geratzen dena ezin baita makinen laguntzaz jaso.

Urteroko arazoa izan ohi da San Martzialgo erromeriaren ostean ingurua zikin geratzea. Dena den, Edu Jauregik aipatu du urtez urte ari direla herritarren kontzientziazioan hobekuntza nabaritzen: "2002tik dihardut lan honetan eta urtez urte hobetzen joan da; egia esan behin ere ez dut horren garbi ikusi ingurua hurrengo egunean. Ikusten da jendea saiatu dela ondo lagatzen".

Lander Arregi, Udaleko obra eta zerbitzuetako zinegotziak ere iritzi bera azaldu du. Hala ere, azpimarratu du badaudela bereziki zikin geratu diren gune batzuk. Nabarmendu du badaudela "lau edo bost koadrila" "dena jaso barik utzi dutenak".

Hondakinak murrizteko neurriak

Orokorrean balorazio positiboa egin du Arregik, nahiz eta adierazi duen "lan asko" geratzen zaiela oraindik. Aurten hondakinak murrizteko asmoz neurri bereziak hartu ditu Udalak. Hala, mahaiak eta aulkiak alokatu dituztenei edalontzi berrerabilgarriak eta hondakinak gaika biltzeko poltsak eman dizkie.

Herritarren erantzun positiboa ikusita, Arregik hartutako neurriei jarraipena emateko eta hondakinak murrizteko lanean jarraitzeko asmoa adierazi du.

Anbulantziaren jarduna

Bestalde, anbulantziak hiru pertsona artatu zituen atzo, bata ebagi batengatik eta beste biak kolpea hartuta. Aurten ez da izan alkohol gehiegikeriekin lotutako artaturik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak