Enpresa Kabia inauguratu du Bergarako Migel Altuna Institutuak

Eneko Azurmendi 2016ko eka. 30a, 14:07

Urratsbat egitasmoaren barruan dago enpresa haztegi hau. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordetzatik bultzatutako egitasmoa da Urratsbat eta ekintzailetasuna bultzatzea du helburu.

Miguel Altuna institutuak 15 urte daramatza ekintzailetasuna bultzatzen, Urratsbat egitasmoaren bitartez. Egitasmo honen bitartez, hainbat enpresa proiektu aurrera ateratzen dituzte bertako ekintzaileek. "Lanbide Heziketako sailburuordetzatik sortutako ekimen bat da. Bere garaian pentsatu genuen garrantzitsua zela gure ikasleen artean ekintzailetasuna sustatzea, eta hauek enpresak sortzen saiatzea. Beraz, orain dela 15 urte Urratsbat izeneko proiektua sortu zen eta harrezkero 20 enpresa sortu dira", dio Josune Irazabal Migel Altuna Institutuko zuzendariak.

Egitasmoa aurrera eramateko eta enpresa hauek martxan jartzeko, beharrekoak dituzte bulego, ekipamendu edo instalazioak. Helburu hori lortzeko asmoarekin, Enpresa Kabia inauguratu dute gaur.

Inaugurazio ekitaldia bi zatitan banatu da. Alde batetik, Pedro Muñoz BerriApp enpresako zuzendariak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketa eta etengabeko ikaskuntzako sailburuordeak hitzaldi bat eman dute institutuan bertan, ekintzailetasuna eta formakuntza azpimarratuz. Ondoren, Bergarako Amillaga kalean dagoen lantegia, Kabia bera, bisitatu dute bertaratutakoek eta bisita bukatzean, luntx bat ere eduki dute.

Gaur egun, Urratsbat egitasmotik ateratako bi enpresa ari dira lantegi horretan lanean, Ekolber eta Saiotek hain zuzen ere. "Urratsbat egitasmotik sortu zen Saiotek enpresa sortzeko ideia. Gero, ideia hori landu eta egi bihurtu genuen", azaldu du Aritz Uzin Saiotek enpresako zuzendari eta langileak.

Hemendik aurrera ere ekintzailetasuna bultzatzen eta enpresa berriak sortzen jarraitzea du helburu Migel Altuna Institutuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak