Labegaraietaren inguruko parte hartze prozesuari martitzenean ekingo diote

Maite Txintxurreta 2016ko eka. 22a, 15:01

Bergarako Udalak parte hartze prozesu bat jarriko du martxan Labegaraieta auzoko kirol gunearen eta aisialdi gunearen inguruko herritarren beharrak eta iradokizunak jasotzeko asmoz. Udan herritarrekin bi bilera egingo dituzte.

Lehen parte hartze bilera datorren martitzenean egingo dute, ekainaren 28an. Arratsaldeko seietan izango da, Labegaraietako kiroldegian. Hurrengoa, berriz, uztaileko bigarren hambostaldian izango da.

Prozesu hau aurrera eramateko Emun enpresa kontratatu du Udalak.

Hiru gune nagusi

Hasierako asmoa kirol instalazioak berritzea bazen ere, alkateak azaldu du lanean hasi bezain pronto ikusi zutela lanketa zabalagoa izan behar zela. Hala, hiru ardatz nagusi zehaztu dituzte: kiroldegia, aisialdi gunea eta Labegaraietako auzoa bera.

Alkateak kirol elkarteak edo erabiltzaileak, aisialdi arloan dabiltzan herritarrak eta auzokideak gonbidatu ditu euren proposamenak aurkeztera.

Nabarmendu dute orain proposamenak jasotzeko garaia dela, eta ostean etorriko dela horien bideragarritasuna aztertu eta egin beharrekoak zehazteko ordua. Dena den, nabarmendu dute guneak hainbat muga dituela, esate baterako, erreka pasatzen dela bertatik.

Aurrekontuari dagokionez, 72.000 eurokoa izango da, eta aurreikusten dute datozen urteetan ere aurrekontuetan Labegaraietako proiektuarentzako partidak izango direla.

Kiroldegia proiektu horretako zati garrantzitsu bat izango da. Hala, lehendabizi eraikinaren estruktura aztertuko dute, egin beharreko hobekuntzak zehazteko. Azaldu dute asmoa, hasiera batean behintzat, eraikina mantentzea dela, beharrezko hobekuntzak eginez; esaterako, 25 urte dituen kantxa berriztu, aldagelak egokitu...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak