Berumuga musika zikloa izango da udako kultura ekimenen artean nagusia

Maite Txintxurreta 2016ko eka. 21a, 15:37

Kultura hitzorduz beteta dator uda Bergarara. Uztailean Berumugaren 11. edizioa izango da, Espoloian egiten den musika beltzaren zikloa. Bestalde, abuztuan zehar aire libreko zinema emanaldiak, antzerkiak edota musika emanaldiak izango dira. Aurten hitzorduak herriko toki zein auzo desberdinetara zabaltzeko apustua egin dute.

Udako lehenengo hitzordua, zapatu honetan izango da, Demode Quartet taldearen eskutik. Iruñekolaukoteak Epa! izeneko disko berria aurkeztuko du Espoloian.

Berumuga

Uztaileko Berumuga zikloa El Twanguero artistak irekiko du hilaren batean, egubakoitza. Rock and rolla eta askotariko erritmo hegoamerikarrak nahasten ditu. Bere estiloa ezagun bihurtu da nazioartean, eta Goya bat eta bi Grammy irabazi ditu. Bergarako emanaldian Andres Calamaroren bateria jolea izango du ondoan.

Datozen hiru egubakoitzetan egongo diren taldeak honakoak izango dira: Julian Maeso organ trio, zeintzuen liderra antolatzaileek Hammond organoaren maisu bezala deskribatu duten; hurrengo, jatorri algeriarreko NES taldea, bluesa, jazza edota soula jorratzen dituena, eta bukatzeko Broken Brothers Brass band. New Orleanseko soinuak ekarriko dituzte iruñear hauek bergarara. Orain Fermin Muguruzarekin batera bira bat egiten ari dira.

Antolatzaileek aipatu dute kartela prestatzerakoan arriskatu egin dutela, izan ere, Berumuga zikloa indartzeko apustua egin dute. Horrekin batera, Bergaratik kanpoko jendeak ere jaialdiaren berri izan dezan nahi dute. Ziklo hau Soraluzeko Gaztelupeko Hotsakekin batera eta aldundiaren laguntzaz antolatu du Udalak.

Uztaileko eta abuztuko hitzorduak

Udako martitzenetan, uztailean eta abuztuan, aire libreko zine emanaldiak izango dira gauez San Martin plazan.

Antzerki eta ikuskizunei dagokienez, uztaileko lehen eguazteneko azokan, hilaren seian, haurrei zuzendutako Marie antzezlana ikusteko aukera izango da Oxirondoko plazan bertan. Hala, uztaileko eguazten eta eguenetan hainbat hitzordu izango dira herriko puntu desberdinetan. Bestalde, folklore jaialdia ere izango da hilaren 21ean. Portugaleteko folklore jaialdia aprobetxatuaz, Ghana herrialdeko dantza, musika eta ikuskizunak ekarriko dituzte herrira.

Abuztuan ere ez da aspertzeko tarterik izango. Antolatutakoen artean, nobedade moduan San Roke, herriko patroiaren egunean, Hego haizea eta Meta Milonga taldeek kontzertua eskainiko dute elkarrekin Irala kalean.

Bukatzeko, abuztuaren 31n Txuma Murugarrenek Labegaraietan eskainiko duen kontzertuak agurtuko du udako kultura egitaraua.

Ospakizunak

  • Uztailak 3: San Martzial (erromeria).
  • Uztailak 10: San Kristobal (Aldaiegia).
  • Uztailak 18: Santa Marina (Oxirondo).
  • Uztailak 25: Santiago (Goimendia eta Basalgo).
  • Uztailak 26: Santa Ana (Bolua).
  • Abuztuak 10: San Lorentzo auzoa (ospakizunak abuztuak 27).
  • Abuztuak 15: Elexamendiko Adramari (Angiozar).
  • Abuztuak 16: San Roke (Bergarako patroia).
  • Abuztuak 24: San Bartolome (Zabaletamendi, Angiozar).
  • Abuztuak 26-28: Kofradixak Osintxun.

Bestelakoak

  • Uztailak 2, 18:30: Buruhandi eta erraldoien kalejira.
  • Uztailak 1, 11:00–14:00: Domeka azoka
  • Uztailak 13, 16:00 Kafe konpon, San Joxepen. Etxeko trasteren bat hondatuta duzula? Etorri, eta denon artean konponduko dugu!

Ekintzak Laboratorium museoan

  • Uztailak 1, 19:00 euskaraz. Uztailak 9, 17:30 gaztelaniaz. Uztailak 10, 11:30 euskaraz. Loreak asmatzen: naturzale europarrak Euskal Herrian izeneko erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak. Gidaria: Maddi Mujika Ingurumen Zientziatan graduatua. 
  • Uztailak 8, ostirala: 21:00 Saguzar gaua (iraupena 2 ordu).
  • Uztailak 15-Azaroak 1: Pieza gonbidatua: Zumalakarregiren kanpaina-eskritorioa.
  • Abuztuak 31: 1839. Bergarako besarkadaren aurrean, Keinua eta Interpretazioa izenburuko erakusketaren inaugurazioa.

Antzerkia

  • Uztailak 6, 19:00: Marie de Jongh taldearen Marie antzezlana familia guztiarentzat, Oxirondo plazan.
  • Uztailak 14, 19:00: Funes Troup konpaniarekin Funes Van ikuskizuna, San Martin plazan.
  • Uztailak 28, 19:00: Jon Zabal medium mentalista, Munibe plazan.
  • Abuztuak 10, 20:00: Hermanos Moreno taldearekin Mucho Mas que Circo ikuskizuna, Munibe plazan.
  • Abuztuak 24, 20:00: La Famiglia Toronbole ikuskizuna familia guztiarentzat, Errotalde parkean.

Musika eta dantza

  • Uztailak 2, 20:00: Bergarako Orfeoiaren kontzertua, Errekalde parkean.
  • Uztailak 17, 12:30: Udal Musika Bandaren Santa Marina jaietako kalejira eta ondoren kontzertua, Udal pilotalekuan.
  • Uztailak 17, 19:00: Benantzi Bilbaoren organo kontzertua Santa Marina elizan. Stoltz-Frères organoaren aldeko elkartea. Sarrera: 5 euro. Sarreretatik izandako irabaziak Stoltz-Frères organoa eraberritzeko erabiliko dira.
  • Uztailak 18, 20:00 Aritzeta abesbatzaren konzertua, Santa Marina elizan.                                                                      
  • Uztailak 21, 19:00: Nazioarteko folklore jaialdia San Martin plazan. Talde gonbidatua: Ghana.
  • Abuztuak 3, 22:00: Aire Ahizpak, Fraiskozuri plazan.
  • Abuztuak 16, San Roke, Bergarako patroia. 20:00: Hego Haizea-Meta Milonga taldeen emanaldia, Irala kalean.
  • Abuztuak 31, 22:00: Txuma Murugarren, Labegaraietan.

Zinea aire librean (San Martin plazan, 22:15ean)

  • Uztailak 12: KON-TIKI euskaraz (111 min) Abenturak (7 urtetik gora).
  • Uztailak 26: VACACIONES gaztelaniaz (99 min) Komedia (12 urtetik gora).
  • Abuztuak 2: ASTERIX. (85 min). Denontzat.
  • Abuztuak 9: TOMORROWLAND. EL MUNDO DEL MAÑANA gaztelaniaz (129 min).
  • Abuztuak 23: FRIENDS. Euskaraz (88 min).
  • Abuztuak 30: NOCHE EN EL MUSEO 3. Gaztelaniaz (98 min).

Eguraldi txarrarekin, Seminarioko karpa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak