Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak 2016

Beitialarrangoitia: "Gaiaren arabera denekin hitz egin eta ahal denean elkarlanean aritzera goaz Madrilera"

Txomin Madina Milikua 2016ko eka. 18a, 18:05

Herritarren galderei erantzun diete Bergaran Gipuzkoatik EH Bilduren Kongresurako zerrendaburu Marian Beitialarraingoitiak, zerrendan hirugarrena den Aitzol Cajaravillek eta Josu Juaristi eurodiputatuak.

Herritarren galderak izan dira EH Bilduk gaur Bergaran egin duen kanpaina-ekitaldiko ardatzak. Koaliziaoaren Gipuzkoako zerrendaburu Marian Beitialarrangoitiak, zerrendan hirugarrena den Aitzol Cajaravillek eta Josu Juaristi eurodiputatuek erantzun diete galderei. Hala, Beitialarrangoitiak adierazi du Madrilera lanera doazela, eta hiru helburu nagusi aipatu ditu: "Kaltegarriak zaizkigun erabakien aurka egitera goaz, baina baita hemengo erabakiak defendatzera eta erabaki ahalmen handiagoa izateko tresnak eskatzera ere".

Aliantzen inguruan galdetuta, koalizioaren zerrendaburuak adierazi du ez dutela era isolatuan lan egin nahi, eta esparruen arabera elkarlanean aritzeko asmoa adierazi du: "Elkarlana, hemendik euskal herritarrak defendatzera doazen alderdiekin; Katalunia eta Galizia bezalako herrialdeak defendatzera doazenekin; eta ezker ikuspegia eta justizia soziala lantzera doazenekin".

EH Bilduko kideek beste hainbat gairen inguruan ere egin dute berba. Feminismoaz, esaterako, esan dute ez dela nahikoa Abortoaren Legea aldatzea, sistema errotik aldatu behar dela baizik; eta preso eta errefuxiatuen inguruan galdetuta, gakoa Madrilen baino gehiago, Euskal Herrian eta nazioarteko komunitatean dagoela erantzun dute. Ekonomiari dagokionez, bertako industria sustatu eta ikerkuntzan eta berrikuntzan indarra jarri beharra azpimarratu dute; eta Podemosi erreferentzia eginaz, kritikatu dute Murtziarako eta Euskal Herrirako proposamen ekonomiko bera egiten duenak, ez duela hemengo errealitatea ezagutzen. Pentsioak, LOMCE legea, gazteen inplikazioa eta TTIP-a ere izan dituzte berbagai Bergaran.

Gipuzkoan bigarren diputatuaren bila

Beitialarrangoitiak esan du, era berean, abendutik hona behetik gora datozen sentsazioa dutela, jendeagan beste animo bat aurkitzen dutela eta orain lan egin behar dutela inkestek diotenaren arabera posible den Gipuzkoako bigarren diputatua eskuratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak