Jeltzaleek nabarmendu zuten euren eginkizuna euskaldunen interesak eta betebeharrak bermatzea dela eta horretan jarriko dituzteka euren indar guztiak. Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak adierazi zuen euskal instituzioak eta tresnak babestu egin behar direla. "Espainiako politikan, bidean ez galtzeko, iparra non dagoen jakin nahi baldin badugu, euskal instituzioek erabakitzen dutena, euskal herritarrek erabakitzen dutena zaindu eta babestu behar dugu. Bestela Espainiako politikan galduko gara", adierazi zuen.
Joseba Agirretxea kongresurako EAJren hautagaiak, bere aldetik, azaldu zuen euskal proiektu bat daukatela eta jeltzaleek argi daukatela leku eta instituzio bakoitzean zer egin, zer babestu. "Proiektu bat daukagu, norabide bat daukagulako, iparra argi daukagulako, herri bat garelako eta gu herri batetik sortutako alderdia garelako. Ez daukagu ezer asmatu beharrik", azpimarratu zuen.
Azkenik, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, adierazi zuen Euskadirengatik guztia emateko prest daudela eta ematen dutela. Hori dela eta, euskaldunen botoa eskatu zuen. "Gureari eutsi egin behar diogu, pentsa dezagun herri gisa dugun etorkizunean. Guretzat Euskadi da lehena, Euskadi da bihotzean eta buruan daramaguna. Bertan bizi gara, gure etxea da eta hemen daukagu gure bizimodua. Horregatik, bozka dezagun gorri, berde eta zuria", aldarrikatu zuen.
Ekitaldia amaitu zuten esanez Euskadiren etorkizuna bermatzeko lanean jarraituko dutela eta Euskadi "inork" ez duela geldituko.