Gustu guztietarako garagardoak eta jatekoa Demasa Garagardo Azokan

Maite Txintxurreta 2016ko eka. 8a, 12:30

500 pertsonarendako lekua izango da bihartik domekara bitartean egingo den ferian. Jatorri desberdinetako hamabi garagardo mota eta jatekoa eskainiko dute lau egunez. Zuzeneko musikarik ere ez da faltako, eta domekan egingo duten eragileen egunaren baitan hainbat ekintza izango dira herriko taldeen eskutik.

Bihar, eguena, arratsaldeko zazpietan irekiko dute Demasa garagardo azoka. Lau egunez 200 pertsona baino gehiago ibiliko dira lanean, eta antolatzaileek "festa handi bat" izatea espero dute. Duela bi hilabete Boluan egindakoaren arrakasta ikusita, jende asko bertaratzea espero dutela adierazi du Ekaitz Aranberri Kilometroak 2016ko koordinatzaileak. "Egunero 500 pertsona ingururi jaten eta edaten emateko gaitasuna izango dugu", dio.

Egubakoitzean eta zapatuan 18:00etan irekiko dute karpa, eta domekan, berriz, 12:00etatik 18:00etara izango da zabalik.

Azoka honen helburua, Kilometroak 2016rako dirua batzeaz gain, "Bergarari aisialdi eskaintza osatzea" da, Aranberriren esanetan.Atzo eta gaur muntaketa lanetan dabiltza. Hala, Seminarioko jolastokiko karpa handiaren ondoan 150 metro karratuko beste karpa bat gehituko diote, euria eginez gero tokirik falta ez dadin.

Jan edana eta musika

Garagardo zaleentzat eskaintza zabala izango da bihartik aurrera. Alemaniarrak, belgikarrak, beltzak, tostatuak, garizkoak, glutenik gabekoak... gustu guztiak asetzeko moduko karta prestatu dute. Bestalde, horrelako azoketan ohikoa den legez, txerri ukondoa eta saltxitxak zerbitzatuko dituzte, patata purearekin batera.

Azokako gunea girotzeko, egubakoitzean DJ festa izango da 21:00etatik aurrera. Zapatuan, berriz, ordu berean, Diablues&Bluecifer herriko bikotearen blues estiloko musikaz gozatzeko aukera izango da.

Herri eragileen eguna

Domekan, azokaren baitan, Bergarako hainbat eragile bilduko dira; izan ere, antolatzaileek azaldu dute aurten Kilometroak 2016k "parte hartzean sakontzeko hautua" egin duela, eta hala, elkarlanetik hainbat ekimen atera direla. Horren baitan dago, esaterako, gaur arratsaldean 18:00etatik 20:00etara Aranzadi ikastolan egingo den odol ematea.

Domekan, 11:00etatik aurrera, tailerrak izango dira. Esaterako, Blai-blai prozesuaren dinamizatzaileek euren txokoa izango dute, eta buztin tailerra ere izango da haurrendako. 13:00etan eskaintza bat egingo diete antolatzaileek prozesu parte hartzailean aritu direnei.

Zirkuituaren aurkezpena

Domeka, era berean, aurtengo Kilometroakeko zirkuitu ofiziala aurkeztuko duten eguna ere izango da. Hala, 11:00etan Aspaceko kideekin batera zirkuitua aztertuko dute, desgaitasunen bat daukaten pertsonentzat egokia ote den frogatzeko. Trabarik aurkituz gero, konponbidea ematen ahaleginduko dira, eta egunean bertan jakinaraziko dituzte aldaketak. Lokatzako kideek ere egingo dute bidea, bizikletaz egiteko modukoa den ikusteko.

13:00etan izango da ibilbidearen aurkezpen ofiziala, Aranzadi Ikastolan. Gune desberdinak non izango diren ere azalduko dute bertan. Antolatzaileek aurreratu dute zirkuituak bost kilometro izango dituela eta laua izango dela, urbanoa, eta 2007koaren antzekoa. Udalarekin batera diseinatu dute zirkuitua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak