Uda denboraldiko lehenengo eta azkenengo astean kanpoko igerilekuak arratsaldez bakarrik egongo dira zabalik, baina bestela, hauxe izango da ohiko ordutegia: 10:00etatik 20:30etara. Abuztuaren 15aren ostean, baina, ordu erdi lehenago itxiko dira ur putzuak, 20:00etan.
Hamakendako gordailua
Aurreko urteetan bezala, berdegunean jartzeko hamakak gordetzeko aukera egongo da oraingoan ere igerilekuen ondoan dagoen gordailuan, eta bost zuhaitz berri landatu dituzte zelaian, itzala egin dezaten, handitzen doazen heinean.
Edukiera mugatua
Kanpoko putzuak 187 lagunendako tokia dauka eta arratsalde batzuetan bete egiten da. Horregatik, orain arte egin izan duten bezala, protokoloak jarraituko dituzte, jendearen txandatzea bermatzeko. Sorosleak izango du horren ardura, eta barruko igerilekuetara joateko aukera ere emango liekete erabiltzaileei.
Bideozaintza kamera gehiago
Uda denboraldia aurkezteko prentsaurrekoan, kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk adierazi zuen baita ere bideozaintza kamera gehiago jarriko dituztela datorren astean. Dozena bat kamera jarriko dituzte, hain justu ere, Agorrosin kirol eremuaren kanpoan eta barruan, gunea ikuskatuta izateko helburuarekin.
Udako Festa, domekan
Domekarako, bestalde, Udako Festa prestatu dute uda sasoiari ongietorria emateko. 11:00etan triatloi familiarra egingo dute, 12:30etatik 14:30etara bitartean piragua jolasak izango dira barruko igerilekuko bost kaletan, ur jolasak izango dira 16:00etatik 19:00etara, eta kanpoko igerilekuan aquaerobikeko bi saio egingo dituzte 16:30ean eta 18:00etan. Goizean egingo den triatloi familiarrean parte hartzeko, izena emateko gomendatu du kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk.