Hiru ludoteka daude Bergaran, bata herrigunean, Oxirondon, eta beste biak Osintxuko eta Angiozarko auzoetan. Denera, ehun ume inguruk daukate izena emanda zerbitzu honetan, eta bost hezitzailek dihardute lanean. Etzi, ekainak 3, hiru gunetako neska mutikoek bat egingo dute ikasturte bukaerako festan.
Denetariko joko eta eginkizunak izango dira Oxirondoko gunean arratsaldeko bostetatik zortziretara bitartean: ezagutza jolasak, Jarduneko antzerki taldeko haurren antzezlana, karaokea, askaria...
Saioa Garitanok, Jarduneko ludoteken koordinatzaileak, neska mutikoak zein gurasoak animatu ditu parte hartzera. Nabarmendu du ludotekan inskribatuta ez dauden umeak ere gonbidatuta daudela.
Ekainean ere ludotekak martxan
Jai honen ostean ez da bukatuko ludoteka zerbitzua. Aldiz, ekainaren bukaerara arte mantenduko da. Oxirondokoek esaterako, ekainaren 22an ur jolasak egingo dituzte ikasturtea modu berezian agurtzeko.
Udaleku irekien aurkezpenak
Bestalde, uztailean zehar Udaleku irekiak egingo ditu Jardunek, eta aurtengo izen emateek aurreikuspenak gainditu dituzte. Bergaran, Angiozarren eta Osintxun, guztira 483 umek eman dute izena.
Datorren astean izango dira aurkezpen saioak. Ekainaren 8an Zabalotegi aretoan, 9an Angiozarko Arbiaskan eta 15ean Osintxuko eskolan. Guztiak arratsaldeko seietan izango dira.