Bilketa sistema berria martxan jarri eta hilabetera, Elena Lete pozik agertu zen, aldaketarik ez delako izan emaitzetan lehengo sistematik oraingora: gaikako bilketa tasa %81,25ekoa izan da hilabete honetan. Letek zioen jendeak barneratuta duela gauzak ondo egin behar direla, eta herria orain txukunago dagoela ere bai.
Gipuzkoan errefusarekin dagoen arazoari dagokionez, ez zuen baztertu etorkizunean hura Epelen jaso beharra, baina aukera guztiak aztertu behar direla gehituz. Hori bai, Gipuzkoaren arazoaren konponbidea errefusa kanpora bidaltzea ez dela adierazi zuen.
Erraustegiaren gaineko herritar baten galderari erantzunez, Letek zioen inork ez duela halakorik nahi bere lurretan, nahiz eta azpiegiturok, osasunari dagokionez, baldintza zorrotzak betetzen dituztela baieztatu.
Permutari buruz, horrela azaldu zuen zergatik erabaki duten UNEDek Seminarioan jarraitzea, Arrizuriagara aldatu barik.
Kulturarako izango dela bai, baina ez zuen zehaztu Arrizuriagan zer joango den. EAJk erakutsi izan duen asmoa bete eta liburutegia jarriko ote duten han? Hori tamaina handiko proiektua dela esan eta, baztertu gabe, baina ez zion eperik jarri.
Labegaraietako kiroldegia nola berritu parte-hartze prozesu batekin erabakiko dutela ere iragarri zuen Letek, eragileekin eta auzokoekin batera.
Ipintzan, berriz, harmailak jarriko dituzte. Jesarleku asko ezingo dira izan, horretarako aukerarik ez duelako ematen harmailaren kokapenerako esku artean darabilten bi aukeretako batek ere.
Batzokiko suteari dagokionez, berriz, eraikina babestutakoa izatera erakundeetatik diru-laguntza jasotzeko aukeraz jardun zuen alkateak.