400 lagunek aldarrikatu dute bestelako gizarte eredu bat

Maider Arregi 2016ko mai. 23a, 16:36

"Lurra zaindu eta eredu soziala eraldatu" lelopean, Txirrinka Debagoienera iritsi da asteburua. 12:00etan elkartu dira Labegaraietan txirrindulariak gaur, domeka. Ondoren, ekitaldi nagusia –Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoakoek bat eginda– Angiozarren egin dute. Izan ere, AHTren lotunea hor baitago.

Lurraren alde eta ingurumenaren zaintzan ari diren hainbat mugimenduk bat eginda sortu dute Txirrinka ekimena. Hilario Manzanedo kideak, ekimenaren balorazio positiboa egin du. "Balorazio oso baikorra egiten dugu; orotara 400 bat lagunek parte hartu du-eta. Gainera, bota duen zaparrada ikusita jendeak ez du umorea galdu. Labegaraietako kiroldegikoek ateak ireki dizkigute, eta aurreikusita ez geneukan arren, bertan arropa aldatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek. Bustita eta hoztuta etorri dira asko", kontatu du Hilario Manzanedok.

AHTaren lotunean, ekitaldia

"Lurraren aldeko defentsa taldeak, justizia sozialaren aldekoak eta baliabide naturalak eta ekonomikoak xahutzen duten azpiegituren kontra egiteko batu gara. Izan ere, AHTaren moduko azpiegitura erraldoiak eskatzen duten baliabideen xahuketa salatu gura izan dugu, besteak beste. Talde mota asko batu gara: etorkinen eta errefuxiatuen aldekoak, bazterkeriaren aurkakoak, sindikatuak... ekimen hau saiaketara bat izan da beste gizarte eredu bat aldarrikatzeko", azpimarratu du.

Oinez egin dute Labegaraietatik Angiozarrera igoera. AHTaren lotunean hasi dira lanak eta bertan, lanok ekarriko duten ondorioen berri eman du Manzanedok.

Bazkaria eta festa

Txirrinka ekimena borobiltzeko, 200 lagunek baino gehiagok bazkaria egin zuten Angiozarko pilotalekuan. Dantzak, sokatira eta musika izan da eguna jai giroan borobiltzeko.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak