Demaseko jaialdia Kilometroak 2016ko abestia aurkezteko

Ikusgarria izan da Demasa Jaialdia, Bergarako Kilometroak 2016ko abestia zuzen-zuzenean estreinatzekoa. Denetik eta onetik, ikuskizun arin eta dinamikoan. Erritmo biziz dantza, musika, artea, akrobazia, magia… bata bestearen atzetik, umorearen laguntzarekin eta irudiz apaindurik. Amaiera borobila izan du, gainera, Emon taldearekin.

Jaialdiak ordubete pasa iraun du eta iluntzearekin bat hasi da, baina sarrerakoak ere ikusgarriak eta entretenigarriak izan dira: Bergarako Erraldoi Taldearen eta trikitilarien kalejira eta Azkaiter Pelox Trioren emanaldia. Unai Azkarate eta bere taldea sasoitsu, blues, soul eta rock doinuekin. Iñaki Mataren kaleko txotxongilo ikuskizunak ere harridura sortu du frontoi aurrean, jendea barrura sartzen ari zela.

Barreras ikuskizunean, gurpildun aulkia erabili du maisuki Iñaki Matak, objektuak, txotxongiloak eta clown-aktoreak bat egiten dutelarik.

Behin barruan, arrautza hausteaz bat jaio da ikuskizuna; Asierrek, Amaiak eta Ekaitzek musika goxoa ekarri dute agertokira eta Markel Uriartek erakutsi du maisua dela bizikletaren gainean, sinesgaitzak direnak egin ditu errubera bakarrarekin saltorik salto, oztopoak gaindituz; Asier Kidam magoak ere zur eta lur utzi ditu bertaratuak, sokak, kateak, anilak, globoak… eskulan zituela. "Zela egin du?".

Txalo zaparradak jaso ditu Olmar Elejagaren, Manex Alberdiren, Mikel Arantzetaren eta Pedro Alonsoren banako bereziak, hori artea hori euskal dantza, break dantzarekin edota beste jatorri eta estetika batzuetakoekin fusionatzeko orduan. Aritz Alustiza trikitiarekin eta Ekaitz Otxoa eta Aitzol Gandiaga txalapartan.

Azken traka izan da Emonen emanaldia eta, amaieran, Demasa abestia zuzen-zuzenean lehenengoz. Hiru bider jo dute, Joanes Plazaolak eta Olmar Elejagak trikiti doinuekin maisuki dantzaz apainduta, eta Aranzadi ikastolako neska-mutikoek ahotsa jarrita. Orduan bai txaloak eta jendea poz-pozik!

Ordurako amaitu du margolana Ander Barrusok. Demasa horma irudia, ikastolako arbela bailitzan, etxe artetik, jende artetik. Klerazko artelana.

Ikusgarria jaialdia, aldi berean, zuzenean, eta pantailan erakutsita. Oihan Vega eta Amaia Txintxureta ere maisuki aritu dira.

Jendea gustura, ikuskizuna azkar, labur, igaro den sentsazioarekin. Laburra, arina, ederra!

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.