Arratsaldean, 19:30ean hasita, herriko kaleak girotuko dituzte. Horretarako, erraldoien, buruhandien eta trikitilarien laguntza izango dute. Ondoren, Azkaiter Pelox triok pilotaleku aurrealdean eskainiko du kontzertua.
Pilotalekuko ateak hamarrak laurden gutxitan zabalduko dituzte. Iker Muruamendiaraz jaialdiaren arduradunak nabarmendu du "ikuskizun arina" egin nahi izan dutela. Alde urbanoak izan du tokia ikuskizunaren diseinuan eta keinua egingo zaie kaleko kultura adierazpenei.
Iñaki Matak Barreras ikuskizuna eskainiko du, Markel Uriarte bizikletarekin egongo da eta Asier Kidam magoak zur eta lur utziko ditu ikusleak. Horiek izango dira parte hartuko duten artistetako batzuk. Gainera, jaialdia borobiltzeko Emon taldeak zuzenean joko du Demasa abestia.
Amaia Txintxurreta aurkezleak nabarmendu dute jaialdi herrikoia eta, era berean, kalitatezko emanaldia izango dela biharkoa.
Ane Barruso Aranzadi Ikastolako zuzendariak dei egin die herritarrei jaialdian parte hartzeko, bai Aranzadi Ikastolako komunitatea osatzen dutenei eta baita herritar orori.
Demasa abestiaren aurkezpena baino zerbait gehiago izango dela nabarmendu du Barrusok: eta zahar ala gazte, denei gustatzeko moduko jaialdia izango dela.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta salmentak bide onetik doazela nabarmendu dute antolatzaileek, baina bizkor ibiltzeko gomendatu diete herritarrei, "inor sarrera barik gera ez dadin".