Zezeagak ez zuen irabazteko aukerarik izan etxeko zaleen aurrean

22-7 galdu zuten Salaberri eta Zezeagak Zubizarreta eta Arangurenen aurka, gazte mailako Bergara Hiria txapelketako finalean. Hasieratik agindu zuen bikote irabazleak eta Zezeaga eta Salaberrik ez zuten euren mailarik onena eman. Senior mailan lehia parekatuagoa izan zen, baina azkenean Urretabizkaia eta Murgiondo garaile 22-15.

Gazte mailako finalean Zubizarreta eta Aranguren izan ziren jaun eta jabe. Bergarako frontoia jendez bete zen herriko harribitxi berria ikusteko, baina Josu Zezeagak ez zuen aukerarik izan. Aranguren aurkariak hasieratik amaierara agindu zuen atzeko koadroetan, eta bergararrak pilota dezente galdu zituen. Aurrealdean Zubizarreta finago aritu zen, eta Salaberrik akats gehiegi egin zituen. Irabazle txapela janzteaz gain, Arangurenek gazte mailako jokalari onenaren saria jaso zuen, atzo egindako lan bikainagatik.

Senior mailako finalean lehia oso parekatua izan zen lan erditararte. Lehia latza izan zuten atzeko koadroetan Murgiondo eta Gorrotxategik, eurek eraman baitzuten partiduaren pisu handiena. 10-10eko berdinketaren ondoren, partidua hautsi zuten Urretabizkaia eta Murgiondok eta 7-0 partziala lortu zuten. Tarte horretan Urretabizkaiak tanto polit batzuk kateatu zituen airez. Santxok hankako minarekin jokatu zuen hasieratik baina partidu erditik aurrera asko igarri zitzaion. Azkenean, Urretabizkaia eta Murgiondo izan ziren txapeldun 22-15. Senior mailako jokalari onenaren saria Murgiondorentzat izan zen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.