Bergarako jaiak 2016

Bailarako lehenengo jai nagusiak, gertu

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 13a, 10:09

Bitorianatxo, Blanca Narbaiza, Maite Agirre eta Gorka Rementeria, Bergarako udaletxeko balkoian.

Iritsi da bergararrek luzaroan itxarondako eguna. 20:00etan jaurtiko du txupina Atzegiko kide Gorka Rementeriak, eta jarraian, Bitorianatxo udaletxeko balkoiraino jaitsiko da, bost egunez herrira jai giroa ekartzera. Beste behin ere, Blanca Narbaizak egingo du Bitorianatxoren papera, eta jaietako pregoia botako du balkoitik.

Batzuk, baina, Bitorianatxori aurreratuko zaizkie, eta, azken urteetan bezala, ikasle bazkaria egingo dute txosnetan. Gero, elektrotxarangak berotuko du giroa. 20:30ean irekiko dute txosnagunea, Bitorianatxoren jaitsieraren ostean, hain zuzen.

Denetariko ikuskizunak

Kultura hitzordu ugari izango da egunotan. Nabarmentzekoen artean, Aukeran dantza-taldearen Fusioak ikuskizuna, domekan. Baita ere bihar, zapatua, arratsaldean Bideberriko txosnagunean izango den bertso-tribiala. Ane Labakak, Malen Amenabarrek, Oihana Iguaranek eta Kopla Barik bertso eskolako kideek hartuko dute parte. Film laburren lehiaketara aurkeztutako lanen emanaldia ere itzuliko da aurten. Domekan, 22:30ean, txosnagunean.

Zapatu goizean Bearteko artista gazteen plastika sariketa izango da, betiko lez. Horretaz gain, magia, kale antzerkia... denetariko ikuskizunak izango dira. Musikari dagokionez ere eskaintza zabala izango da, txosnagunean zein plazan (ikus 32. orrialdea).

Kirola eta bigantxak

Kirol ikuskizunik ere ez da faltako aurten. Nabarmentzekoen artean, iaz arrakasta handia izan zuen Dirt Jump eta trialsin erakustaldia berriro izango da aurten. Zapatu arratsaldean, Mariaren Lagundiko jolastokian.

Herri kirolen zaleek hitzordua dute martitzen eguerdian San Martin plazan. Puntako aizkolari, harri jasotzaile eta txinga eramaileak izango dira.

Nola ez, urteroko txirrindularitza, pilota eta goitibehera hitzorduak ere ez dira faltako (ikus 17. eta 29. orrialdeak).
Seminarioko zezen plazan ere ekintza ugari izango da: bigantxak, errekortadore ikuskizuna, errekortadore eskola ibiltaria...

Kantua eta bideoa

Soinu banda eta guzti izango dute aurtengo jaiek. Asteon aurkeztu dute Bizilariak taldearen eskutik Xolomo gazta abestia, jaietan herriari "su" emateko gonbidapena egiten duena.

Bestalde, Martxanterak talde feministak egun hauetarako propio egindako bideo bat aurkeztu du, Bitorianatxo protagonista duena. Saloura oporretara doala dio, jarrera sexistez higuinduta. Hala, jai parekideen aldeko aldarria zabaldu nahi izan dute.

Gune aldaketak euriagatik

Eguraldi txarra iragarrita dagoela eta, egitarauan jasotako hainbat ekintza tokiz aldatuko dira. Hala, gaur iluntzeko ume eta gurasoen parrillada eta Mugi-Mugi erromeria Seminarioko karpan egingo dira, Oxirondon egin ordez.

Biharko, berriz, zapatua, erraldoien gunea Munibe plazatik Udal Pilotalekura aldatu dute, eta ekintza guztiak han egingo dira. Gauean, berriz, Kepa Junkera eta Sorginak taldearen kontzertua San Martin plazan mantenduko da, euri pixka bat egin arren. Bukatzeko, asteleheneko herri bazkaria Seminarioko karpapean egingo da, San Martin plazan beharrean.

Autobus zerbitzua

Asteburu honetan, inguruko herrietatik Bergarara joan-etorria egiteko, gaueko autobus zerbitzu berezia jarri dute.
Egubakoitzean, Eibar-Soraluze-Bergara-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza ibilbidea izango duen autobusa izango da, eta hainbat joan-etorri egingo ditu gauean zehar. Bestalde, Antzuola-Bergara-Elgeta ibilbidea burutuko duen autobusa ere izango da; kasu horretan, egubakoitzean zein zapatuan.

Era berean, jaiek iraun bitartean hiru autobus geraleku kendu egingo dira, gaur arratsaldeko lauretatik aurrera. Eibarrerako norabidean dauden BBVAko eta Santa Marinako geralekuak eta Arrasaterako norabidean dagoen Santa Marinakoan ez dute geldialdirik egingo Pesako eta Lurraldebusko autobusek.

Bitorianatxoren igoera

Aurten ohi baino goizago egingo du Bitorianatxok Seminarioko teilatura buelta. Izan ere, erabaki dute 20:00etan egitea jaien agurra, eta ez gauerdian, ohi moduan. Plazan jende gehiago batu nahi lukete horrela. Igoera goizago izango den arren, baina, musikak eta jai giroak jarraitu egingo du plazan.

Erlazionatuak

Maiatzak 13, egubakoitzeko egitaraua

Josu Bilbao Atxutegi 2016 mai 12 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak