Abestia eta bideoklipa maiatzaren 20an zuzenean

Jon Berezibar 2016ko mai. 11a, 16:25

Jaietara batzeko gonbidapen dantzagarria egiten du aurtengo Kilometroak jaiaren abestiak. Erritmo latinoekin, tronpeta doinuz eta festarako bokazio garbiarekin, Emon taldeak egin du abestia. Taldeko kidea da Aritz Alustiza, hain zuzen, eta Maddi Iñarrak egin du letrak, biak ere bergararrak eta Aranzadiko ikaskide izandakoak.

Luxuzko kolaboratzaileak ere baditu abestiak. Porrotx pailazoa eta Sorkun Rubio abeslaria, besteak beste.

Gaurtik, plataforma digitaletan eskuratu daiteke abestia.

Bideokliparen estreinaldia ere gaur egin dute eta Kilometroak 2016ren eta Goienaren webguneetan eta Youtuben aurki daiteke jada. Aurpegi ezagun ugari irudietan, ikastolako kideez gain, Candem Town dantza akademiako kideak, Joanes Plazaola dantzaria eta Bergarako Erraldoi taldekoak esaterako. Bideoklipa Andoni Goitiren zuzendaritzapean egin da, Goiena Komunikazio Taldea, Arteman Komunikazioak eta Orpix-en laguntzarekin.

Aurkezpen ofiziala jendaurrean, bestalde, datorren egubakoitzean egingo dute, maiatzaren 20an, Udal Pilotalekuan, 22:00etan hasita.

Horra gonbidapena hortaz. Sarrerak jada salgai daude Pikupe Produkzioen bulegoan eta Interneten. Sei eurotan jarri dituzte salgai.

Girotzen joateko, gainera, gaurko aurkezpenean a capella batekin animatu dira ikastolako ikasleak, musikariak eta antolatzaileak. Ondo ikasi letra, beraz: Gu gara demasa!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak