DanobatGroupek Bergararako lantegiko lurzorua egokituko du, zehaztasun handiko makina handiak produzituko dituelako bertan. Fresaketa eta torneatua nahasten dituzten erabilera askoko makinak izango dira eta gaur egungo lurzorua ez da horretarako aproposa, makina unibertsalagoendako eginda dago eta.
Egokitzapen lanek irauten duten bitartean produkzioa eta langileak Elgoibarko eta Soraluzeko lantegietan sakabanatuko dira. Urte amaieran hasiko dituzte lanak eta 6-8 hilabete bitartean iraungo dutela aurreikusten du enpresak. Behin egokituta dagoenean, Xabi Altzaga Bergarako lantegiko zuzendariak ez du aldaketa handirik espero lan egiteko moduan. "Makina handiagoak produzituko ditugu, bai, baina makina izaten jarraitzen dute eta ez digu lan egiteko moduan eragin handirik suposatuko", adierazi du.
2 milioi eta erdi euroko inbertsio egingo du DanobatGroupek egokitzapen lan hauek egiteko. Honekin batera, Elgoibarreko lantegian planta berri bat eraikiko dute ofizinendako eta bertan 2 milioiko inbertsio egingo dute. Guztira 4 milioi eta erdi euroko inbertsioa izango da.
Merkatua etengabe mugitzen doala nabarmendu du Altzagak, eta hortara egokitzeko, horrelako inbertsioak egin behar direla. Epe luzera begira egindako inbertsioa dela gaineratu du.