Gustura ibili dira herritarrak 'Demasa kantuan' Bergaran

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko api. 29a, 15:19

Demasa Astea ospatzen ari dira egunotan Kilometroak 2016 jaia girotzeko, eta atzo arratsaldean herritarrak elkartu, eta kantuan ibili ziren. Hainbat jatorritako pintxoak ere eskaini zituzten taberna ugarik pintxopotean, eta gaur kricket erakustaldiaren eta Koldo Zuazo hizkuntzalariaren txanda izango da.
Bestetik, zapaturako ere dei egin diete herritarrei Demasa kantuaren bideoklipa grabatzeko estrak behar dituztelako.

Aurretik ere, urtean zehar Demasa Kantuan bezalako beste bi saio egin dituzte Bergaran, eta orduan izan zuten arrakasta ikusita, berriro egitea erabaki dute oraingoan ere. Elkartu ziren herritarrek euskal kantuak abestu zituzten, eta ume, gazte, heldu eta nagusi gustura ibili ziren abesten. Aniztasuna ardatz hartuta antolatu dituzte Bergaran Kilometroak 2016ko jaia berotzen jarraitzeko ekintzak, eta atzoko pintxopotean jatorri ugaritako pintxoak eskaini zituzten herriko hainbat tabernatan.

Herenegun, berriz, aniztasuna eta inklusibitatearen gaineko mahai-inguru bat egin zuten, eta horrekin ere, oso pozik daude antolatzaileak.

Hainbat ekintza egunotarako

Gaur, egubakoitza, ekintzek jarraitu egingo dute, eta kricket erakustaldia eta ikastaroa egingo dute pakistandar komunitatearen eskutik Seminarioan 17:00etan, eta Koldo Zuazo hizkuntzalariak, bestetik, Euskara zaharra gizarte berrian izenburuko hitzaldia eskainiko du Irizar jauregian 19:00etan.

Bideoklipa, zapatuan

Kilometroak 2016ri soinu banda jarriko dion abestia ere grabatu du dagoeneko Emon taldeak, beste hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin, eta bihar, zapatua, egingo dute bideokliparen grabazioa, herritarrei dei egin diete grabazioan estra lanetan jarduteko.

Antolatzaileek nahi dutena da bideokliparen grabazioa ere festa bat izan dadila eta irudiak pare bat ordutan grabatuko dituzte estrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak