Udan ez aspertzeko moduko eskaintza aurkeztu du Bergarako Udalak haur eta gaztetxoendako

Udalaren udako eskaintzaren baitan, berrikuntzen artean, Laboratorium museoko Kanpamendu teknologikoak daude. Udaleku irekiak eskainiko ditu beti bezala Jardunek, eta kirol eskaintza zabala izango da gazte zein helduendako.

Laboratorium museoak antolatuta, Kanpamendu teknologikoak egingo dituzte aurtengo udan Bergaran. Robotikaren inguruko ikastaro bat izango da, 11-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Bestalde, Bibliopiszina, igerilekuko liburutegi zerbitzua ere bueltan izango da.

Udaleku irekiak

Jardunek kudeatutako udaleku irekiak ere izango dira uztailean. Aurten, hiru edo lau asteko udalekuak aukeratu daitezke. 2004 eta 2013 urteen bitartean jaiotakoek har dezakete parte, eta izen ematea apirilaren 25etik maiatzaren 13ra bitartean egin behar da liburutegian edo www.bergara.eus webgunean.

Aurten, nobedade modura, zaintza zerbitzua ere eskainiko dute 08:30etik 10:00ra, Udalekuen ordutegia hasi aurretik. Izen ematea Jardunen.

Udalekuetan begirale gisa lan egin nahi dutenek, maiatzaren 10era arte bidali dezakete Jardunera curriculuma. Udalekuetan lan egingo duten begirale guztiek derrigorrezko formazio saioan parte hartu beharko dute. Formazio saioa hau ekainaren 4an izango da, goiz eta arratsaldez.

Kirol ekintzak

Udako kirol kanpainaren baitan, haur eta gaztetxoentzako 225 plaza eta 10 jarduera eskainiko dituzte; tartean, nobedade modura, padel ikastaroa. Kirol desberdinetan txapelketa motzak ere antolatuko dituzte.
Helduendako ere ikastaro berriak izango dira (irristaketa, zoru pelbikoa, defentsa pertsonala, jump fit eta padel). Izen ematea zabalik dago. Neguko ikastaroak uztaila osorako luzatzeko aukera izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.