Eguazten arratsaldean elkartu dira Beñat Rezusta eta Iñaki Artola pilotariak Bergarako Udal Pilotalekuan ostiraleko partidarako materiala aukeratzeko. Biak ala biak, gustura geratu dira egindako hautuarekin eta ostiraleko eskuz eskuko partidan dena emateko prest agertu dira.
Rezustak, gainera, debuta egingo du aurten txapelketa honetan, iaz bi kanporaketa gainditu ostean. Debut berezia izango da berarentzat, bere jaioterrian, Bergaran, jokatuko baitu. Pozik agertu da gaztea, etxean jokatzeak herritar asko mugitzen baititu frontoira, eta girorik ez baita faltako. Hala ere, aitortu digu ohikoa ez den presio bat ere sentitzen duela txapelketa etxean jokatzean.
Rezustak eta Artolak errespetu eta miresmen handia diote elkarri eta hala erakutsi dute gaur ere, materiala aukeratzen ari zirenean... Hori bai, ostiraleko partiduan bien arteko lehia bizia izango dela espero da.
Rezustak honako pilotak aukeratu ditu: 104,4 eta 106 gramokoak.
Artolak beste honakoak: 106,1 eta 105, 2 gramokoak.
Jaialdia 22:00etan hasiko da eta ETB1k zuzenean emango du Rezusta eta Artolaren artekoa.