Goizeko hamarrak pasata iritsi dira kanpoko herrietako trikitilari eta panderojoleak Bergarara, eta ongi etorria eta txorizo hamarretakoa izan dute, eguna ondo hasteko.Horren ostean, berriz, solasaldia izan da Amaia Oreja eta Kristina Solanoren eskutik Migel Altuna institutuan, eta txikienek umeendako jolasez gozatu dute Seminarioko patioan.
Horiek bukatzean, Seminarioko karpan euriarengandik babestuta egin behar izan dute emanaldia Debagoieneko eskola desberdinetako neska mutikoek, eta karpa bete duten ikusleen txaloak jaso dituzte guzti-guztiek.
Debagoieneko Trikitixa Eguna izanik, eskualdeko eskola desberdinetako irakasle, ikasle eta musikariak izan dira, baina baita Euskal Herri osotik etorritakoak ere. Esaterako, Urolatik, Durangaldetik edota Lapurditik etorri da jendea, baita Galiziako gaita jole talde bat ere. Hala, eguerdiko bazkarian lepo bete da Udal Pilotalekua.
Arratsaldean zehar ere, noski, festak jarraitu egin du. Trikitixa jaialdia egin dute Seminarioan, eta ondoren triki poteoaz girotu dituzte erdiguneko kaleak milaka musikarik.
Balorazio positiboa
2007an ere Bergaran egin zen Debagoieneko Trikitixa Eguna, modu apalagoan. Oraingoan, berriz, jende asko eta asko etorri da eta antolatzaileak "oso gustura" daude emaitzarekin. Aritz Alustizak aipatu du aurtengoa bezalako egitarau eta jai egun bat prestatzea "lan handia" izan dela, baina erantzuna ikusita, merezi izan du.
Parte hartzaileak ere, euren aldetik, pozik azaldu dira. Ume zein nagusiek aipatu dute "oso giro ona" egon dela egunean zehar.
Hala ere, oraindik ez da bukatu egun berezi hau; izan ere, gaueko hamaiketan hasita, Gozategi talde famatuaren kontzertua izango da Seminarioko karpan.