Autobus geltokian hobekuntzak egiteko herri partaidetza eskatu du EH Bilduk

Maite Txintxurreta 2016ko api. 12a, 16:26

Bergarako EH Bilduk agerraldia egin du gaur, Urteaga-Ibargarai inguruko bidegorriaren proiektuaren barruan autobus geltokiari dagozkion egokitzapenak zehazteko prozesu parte hartzaile bat eskatzeko. Bidegorria egiteko, lan batzuk egin behar dira geltokian, eta horiek aprobetxatuz lekua hobetu beharko litzatekeela uste dute oposizioko ordezkariek.

Aurreko agintalditik datorren egitasmoa da Urteaga eta San Antonio auzoetatik pasako den bidegorria egitearena, ondoren, Ibargaraiko autobus geltokiaren alboko bidegorriarekin (Ortuibar pasealekurantz doana) bat egingo duena.

Horren harira, iaz, EH Bildu alkatetzan zegoela, orokorrean bidegorriaren proiektuari buruzko parte hartze prozesu bat burutu zuten.

Bidegorri berria oraingoarekin lotzeko, ordea, geltokiaren gunean lanak egin behar dira eta lan horiek "geltokia hobetzeko baliatu beharko liratekeela" uste dute EH Bildutik. Hori dela eta, herritarren parte hartzearekin diagnosi bat egin beharko litzatekeela diote: "Iaz eman zen prozesu parte hartzailean ez zen geltokian egin beharreko esku hartzea zehaztu, oso azalekoa izango zelakoan, baina sakonagoa proposatzen dela ikusita, herritarrek zer esana badutela uste dugu".

EH Bilduren proposamenak

EH Bildutik adierazi dute egungo geltokian hainbat arazo identifikatuta dituztela, segurtasunari dagozkienak, esaterako, eta gobernu taldearen proiektu berriak horiei "ez diela behar bezala erantzuten" uste dutela.Horrekin lotuta, adierazi dute inbertituko den aurrekontuaren efizientzia "zalantzazkoa" dela, aurrekontu paretsuarekin "geltokia desberdin antolatuz arazo asko saihestu daitezkeela" esanez.

Horren harira, Bergarako Udaleko EH BIlduk proiekturako hainbat ekarpen aurkeztu zituzten, esaterako, nasa berriak jartzearena. Proposamen horrekin azterketa teknikoa egin ostean, ikusi zen proposamen guztiak ez zirela bideragarriak, errekaren eremuan sartzen zirela-eta. Oposizioko taldea kexu da, baina, proposamenetako batzuk bideragarriak ez izatearren proiektuarekin zegoenetan jarraitzea erabaki duelako Udal gobernuak: "ez digute argitu ordea gure diagnosiarekin bat egiten duten edo ez, ezta ala balitz arazoei zer erantzun emateko asmoa duten ere".

Mugikortasun mahaia

Bukatzeko, agerraldian eskatu dute Udalak "guztiz desaktibatu duen mugikortasun mahaia berraktibatzea", esanez oraindik bertan gai biak (bidegorrikoa eta geltokikoa) landu beharko lituzkeela eta "bergararron mugikortasunaren inguruko eztabaida eta erabakigune" izan beharko lukeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak