Beñat Rezustaren aldeko oihuak entzun dira Bergarako frontoian partiduaren hasieratik eta txaloak ere ozen entzun dira urdinek tantoa egiten zuten bakoitzean. Irujok mina hartu duenetik aurrera, baina, frontoiko ikusleen aurpegi alaiek bestelako sentsazioak adierazten zuten. "Pena. Pena handia izan da. Irujok mina hartu badu eta jokatzeko moduan ez badago, ulertzekoa da, baina... Beñatek ondo jokatu duela uste dut", zioen batek. "Beñatek akatsa pare bat izan ditu baina oso ondo aritu da. Gustura ikusi dut. Irujo, ordea, ez dut bat ere zentratuta ikusi hasiera hasieratik", zioen beste batek. Partidua modu horretan bukatutzat ematearekin penatuta atera dira Bergarako pilotalekutik zaleak.