Atzoko ohiko osoko bilkuran jorratutako gaien artean, aho batez onartu zuten Emakumeen Euskal Bira probaren etapa bat datozen hiru urteetan Debagoienean bukatu ahal izateko lankidetza hitzarmena.
EUDELek Udal langileen ordainsariak ehuneko batean igotzeko eginiko proposamena ere onartu zuten atzo aho batez. Proposamen horrek ez du ehuneko batetik gorako gehikuntzarik onartzen, eta hori salatu zuen Irabaziko Aiert Lizarraldek, esanez azken urteotan langileen soldatak izoztuta daudela eta beste formulazio bat egin beharko litzatekeela langileek igoera benetan igartzeko.
Bestalde, Udal taldeek mozio bat aurkeztu zuen atzoko bilkurarako, Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko errefuxiatuak kaleratzeko itunaren aurkakoa.Aho batez onartu zuten adierazpena.
Eztabaida
Azkenengo puntuan, galdera eta eskaeretan, etorri zen eztabaida. Irabazik mahai gainera atera zuen bidegorriaren eta autobus geltokiaren birmoldatze proiektua, eta salatu zuen eurek ez dutela ikusi proiektu hori aurrera eramateko herritarrekin egindako diagnosirik.
Horren aurrean, alkateak adierazi zuen aurreko legegintzalditik datorren proiektua dela, eta orduan egin zela herritarren diagnosia. Nabarmendu zuen proiektuaren hasieran eginiko parte hartze prozesuari "legitimitatea" onartzen diotela.
Euren aldetik, EH Bilduko zinegotziek nabarmendu zuten parte hartze prozesua proiektu orokorraren gainean egin zela, eta zehazki autobus geltokiari dagokiona egiteke dagoela.
Era berean, gai honen inguruan, EH Bilduk eta Irabazik ere salatu zuten eurek aurkeztutako proposamenak atzera bota direla.
Horri erantzunez, Letek esan zuen proposamen horrek teknikoki bideragarriak ez zirela, errekaren eremuan sartzen zirelako eta irisgarritasuna bermatzen ez zutelako.
Oposizioak esan zuen puntu batean ez zituztelako baldintza teknikoak betetzen, ez zegoela zertan proposamen osoa atzera bota.