Seminarioko kultur aretoko lanak "martxa onean" doazela azaldu du Bergarako alkateak

Julen Iriondo 2016ko mar. 18a, 15:16

Aretoa bera egokitzeko lanak abuzturako amaitzea da asmoa, urtea bukatzerako erretaula zaharberritzea eta ondoren hasiko dira ekipamenduarekin­-eta. Obrak eszena arloko baldintzak betetzen dituela zaintzeko teknikari bat kontratatuko dutela ere iragarri du alkateak

Halako obretan hasieran "arrankatzea" kostatu egin ohi dela, baina orain lanak "martxa onean" doazela adierazi du Elena Lete Bergarako alkateak. Seminarioko elizan kultura aretoa atontzeko obrak bigarren fasean daude abendu erditik hona. Espazioa bera atontzen ari dira.
 
Abuzturako amaitu nahi dute espazioaren egokitzea, eta erretaula zaharberritzeari ekingo diote ondoren, urte amaierarako­-edo amaitzeko.
 
Balio handiko erretaula dela eta lanak enpresa berezi batek egingo dituela azaldu du alkateak. Ondorengo fasea izango da aretoa ekipatzea. Erabilgarri noizko egongo den aurreikuspenik egitea ez du nahi izan Letek. Bestelako iragarpenik egin du, ordea: adibidez, obra eszenarako baldintzak betetzen ari dela ziurtatzeko teknikari bat kontratatuko dutela.
 
Teknikariarenarekin batera, ekipamendua erabakitzeko-eta herriko kultura eragileen iritzia ere kontuan izaten jarraituko dutela azaldu du alkateak. Zentzu honetan, eragileek obraren jarraipena egiteko aukera izango dutela iragarri du, baita udalbatzako alderdietako ordezkariek ere, eta aldizka bisitak egingo dituztela obretara. Aurrenekoak apirilean izango omen dira.
 
Hain justu, astean EH Bilduk egindako agerraldiari zuzenean erreferentziarik egin gabe, baina koalizioak bertan esandako batzuen gainean ere jardun du alkateak. Lanak atzeratuta doazela eta proiektuaren martxaren gaineko informazio falta salatzearekin batera, EH Bilduk adierazi zuen Jaurlaritzak 300.000 euroko laguntza eman duela aretoaren lanetarako, eta Udal Gobernuak beste gastu batzuetara bideratu duela diru hori. Alkateak bestelakorik esan du gaur: diru hori lanotara baino ezin dela bideratu, eta hala jasotzen dutela aurrekontuek ere, kontu-hartzailearen bermearekin.
 
Letek gogora ekarri du 2015etik 1.082.000 euro daudela konprometituta elizako ondarearen errehabilitaziorako. Obraren martxaren berri herritarrei ere hedabideen bidez hiru hilean behin­-edo emango dietela iragarri du, aurreko agintaldiko prozesu parte­-hartzaileari jarraipena emanez, azaldu duenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak