Bergarako EH Bilduk "kezka" adierazi du Seminarioko kultur aretoaren proiektuagatik

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 15a, 17:00

Josu Elortza eta Leire Iruin EH BIlduko zinegotziek agerraldia egin dute gaur. Bertan, euren "kezka" adierazi dute Seminarioko Kultur Aretoaren proiektuaren gainean "Udal Gobernuak hartu duen jarrerarekin". Era berean, salatu dute Udal Gobernuak "ez duela inongo informaziorik ematen ez gainontzeko alderdiei ezta kultura talde eta norbanakoei ere".

Udal gobernuaren "proiektuarekiko interes eza" aurrekontuetan ere "argia da", Josu Elortza zinegotziak eta kultura batzordekideak adierazi duenez. Hala, salatu dute EAJk eta PSE-EEk osatutako taldeak Kultura partidetan milioi bateko igoera egongo zela aurreratu zuten arren, azkenik Seminarioko auditoriora bideratutako partida 35.000 eurokoa dela.

Horrez gain, Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzatik aretoa bukatzeko 300.000 euroko laguntza jasoko du, eta EH Bildutik salatu dute Udal Gobernuak "beste gastu batzuetarako" bideratu duela diru hori. "Lotsagarria iruditzen zaigu kulturan ez erabiltzea", gaineratu du Elortzak.

Bere aldetik, joan den legealdian eta oraingoan zinegotzi den Leire Iruinek nabarmendu nahi izan du aurreko legealdian proiektua martxan jarri zenetik herriko kultur eragile eta herritarrekin elkarlanean aritu zela Udala, eta lanei hasiera eman zietela legealdia hasi aurretik. Hala, nabarmendu du obra "urte bukaerarako bukatuta egon zitekeela". "Prozesu guztia Udaleko gainontzeko alderdiekin elkarlanean eta adostasunetara helduz bideratu genuen", esan du, eta gaineratu du: "orain, aldiz, ez dute inongo informaziorik ematen ez gainontzeko alderdiei ezta kultura talde eta norbanakoei ere".

Ekipamenduarekin kezka

Gaurko agerraldian, Leire Iruinek azaldu du Seminarioko aretoaren obrak hiru fase nagusi dituela: lehena, honezkero hasita dauden egokitzapen lanak.

Horren ostean, berriz, ekipamendua etorriko litzateke, eta gai honekin kezka daukate EH Bildun; izan ere, lizitazioa oraindik ez da egin, eta adierazi dute "markatuta zeuden epeekiko oso berandu" dabiltzala, eta ekainaz geroztik aurrerapenik izan. Gaineratu dute ekipamenduaren arloan zeuden proposamen desberdinak herritarrekin kontrastatzea adostu zutela, eta ez dutela egin.

Horren ostean, hirugarren fasea etorriko litzateke, non goiko pisuan herritarren erabilerarako gelak hartzen dituen bere baitan. Iruinek adierazi du "kolokan" geldituko litzatekeela permuta atzera bota ezkero.

Eragileen parte hartzea

Hala, gai honi buruzko mahai bat eratzea eskatu dute, "alderdi politiko, kultura talde eta kultur produkzioan diharduten norbanakoekin". Era berean, gaineratu dute "prentsaren bitartez" izan dutela Udal Gobernuak Udal Pilotalekua kultura gune bilakatzeko asmoaren berri. Horren harira, zera adierazi dute "Seminarioko aretoak produkzio txiki eta ertainei irtenbidea emango die, baina produkzio handietarako eremu baten beharrak hor jarraituko du". Hala, dei egin diote Udal Gobernuari horren inguruan ere mahai bat sor dezan, eta gaineratu dute era horretako parte hartze prozesuetan EH Bilduren babes osoa izango dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak