Jonathan Lastra (Caja Rural Seguros RGA) Jaime Roson (Caja Rural Seguros RGA), Julen Amezketa (Southeast), Victor Etxeberria (Radio Popular Continental) eta Cristian Rodriguez (Southeast) dira zorioneko bost ziklistak, eta horien pausoek jarraitu gura dituzte domekan irteera puntuan batuko diren oilarrek –10:00 Bergarako San Martin plaza–.
Hainbat nobedade
Xabier Aranzetak azaldu zuen asteleheneko prentsaurrekoan iazko ibilbideari eutsi diotela: "Deskargan lanetan zebiltzalako ibilbidea aldatu behar izan genuen iaz, eta Udanatik eta Oñatitik pasatzea izan zen nobedadea. Hala, federazioak lasterketa luzeagoen aldeko apustua egin duenez eta iazkoak kritika onak izan zituenez, horrela utziko dugu".
Gainera, aurten lasterketako babeslearen eskutik lehenengo igoeran ere azkarrena denak saria izango du: "Ausardiaren saria izena jarri diogu sari horri, eta Peugeot Etormobili eskerrak eman gura dizkiogu, baita gainontzeko babesleei ere, eurak gabe ezinezkoa izango zelako lasterketa hau antolatzea".
Jokin Etxabe borrokarako gertu
Antolatzaile eta babesleekin batera Jokin Etxabe ziklista bergararrak ere hitza hartu zuen aurkezpenean, haren taldea –Seguros Bilbao Born– lasterketara ze asmorekin aurkeztuko den azaltzeko: "Talde ona ekarriko dugu, egun garrantzitsua delako eta esango nuke aurrean hiruzpalau gizon sartzeko moduan egongo garela. Ea horietako bat izan naitekeen".
Etxabe anaiekin batera Haritz Kortabarria (Parking geltokia) antzuolarra eta Julen Irizar (Ampo) bergararra lehiatzeko moduan egongo dira. Julen Umerez (Ampo) min hartuta dago, eta Iker Eskibel (Infisport) ere ez da lasterketan izango.