Hasiera batean Irala kalean egin behar zuten ekitaldi politikoa lekuz aldatu behar izan zuten eguraldia zela eta. Maite Aristegi arduratu zen omenaldia zuzentzeaz.
Txalaparta doinuekin hasi zuten ekitaldia eta ostean bertsotan jardun zuen Aristegik berak, Mikel Askasibarri eta presoen senideei ongi etorria egiteko. Senideek loreak jaso zituzten eta aurreskua dantzatu zieten.
Askasibarrek mikrofonoaren aurrean etxekoei eta lagunei eskerrak eman zien, eta, era berean, jasotako elkartasun mezu guztiak eskertu gura izan zituen.
Maite Aristegik adierazi zuen Askaren etorrera Euskal Herriaren askatasunaren bidean pauso bat gehiago dela. Hala ere, ekitaldian gogorarazi zuten moduan, Bergarar batek preso jarraitzen du, Joxe Migel Gazteluk, hain zuzen. Hala, bere eta gainontzeko euskal presoen askatasuna aldarrikatzeko ere baliatu zuten zapatuko eguna.
Zapatuko ekitaldia eusko gudariak abestuz amaitu zuten, eta ondoren triki-poteoa eta bazkaria egin zuten. Bazkalostean, berriz, Mor More taldearen kontzertua izan zen.