Kilometroak Txikia egingo dute domekan

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 24a, 15:30

Aurtengo urriaren 2an Bergaran egingo duten Kilometroak jaiaren aurrerapentxoa antolatu dute domeka honetarako, otsailak 28. Aranzadi ikastolatik Labegaraietara ibilbidea egingo dute, jolas, hamarretako eta musikaz girotuta.

Domeka honetako Kilometroak txikia goizeko ekimena izango da, eta Kilometroak 2016k herrian presentzia izatea du helburu. Goizeko hamarretan Aranzadi Ikastolatik abiatuta, Labegaraietaruntz joango dira, eta hango kiroldegian umeendako jolasak eta hamarretakoa izango dira. Beranduago, ikastolara itzuliko dira, eta han, besteak beste, eskulanak, musika eta txosna bat izango dira.

Eguraldi txarra iragarrita dago domekarako, eta euria eginez gero, Ikastolako ekintzak jolastokian eta Aranzadiko gimnasioan egingo dituzte. Eguerdiko hamabiak aldera izango da hori. Bergararrak Demasa arropa jantzita Kilometroak Txikian parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek.

Elena Herrerosek azpimarratu du herritar guztiak daudela festa honetan parte hartzera deituta, ez bakarrik Aranzadi Ikastolako edo Kilometroakeko komunitateko kide direnak.

Lantaldeak martxan

Egun 15 batzordek dihardute Kilometroak 2016ren bueltan lanean, eta berriki gazte talde bat ere sortu dute. Hala, une honetan 350 lagun inguru ari dira.

Antolatzaileek urtean zehar arropa eta zozketa txartelen salmentatik ateratzen dute diru gehien. Bidekurutzetan daukate arropa denda, eta guraso eta boluntarioak Gure Zozketako txartelak saltzen dihardute, 60.000 euro irabazteko aukerarekin. Horretaz gain, astebururo Gipuzkoako herri desberdinetara irteerak egiten dituzte arropak zein txartelak saltzeko.

Aurrera begira, martxoaren 6an Donostian egingo duten Lilatoian ehundik gora emakumek Demasa kamisetarekin egingo dute korrika. Bestalde, Erramu Zapatuan ere hainbat ekimen egiteko asmoz dabiltza.

Bestalde, apirilean Demasa Astea egingo dute, eta orduan aurkeztuko dute Kilometroak 2016ko abesti ofiziala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak